2005eko ekainak 06
Beste batzuk
Deustuko Unibertsitateko Laneratzeko Zentro Integralak, DeustuLanek, 200 lan eskaintza baino gehiago kudeatu ditu, GazteLanbidean Fundazioaren laguntzarekin. Azken bi hilabete eta erdian 66 lan eskaintza kudeatu ditu, guztira 200 lan eskaintza ikasturtearen hasieratik. Horrek % 100eko igoera izan duela adierazten du iazko urtearekin konparatuta.
Gehien eskatzen diren profilen artean, azken bi hilabeteotan enpresetatik heldu diren enplegu eskaintzen % 19 ingeniarientzat izan dira, % 16 Giza Zientzietako eta Gizarte Zientzietako lizentziatuentzat, % 10 idazkarientzat, % 6 Enpresa Zientzietakoentzat eta % 5 Turismokoentzat. Enplegu eskaintza hauen kudeaketa bi bidetatik egiten da: DeustuLanen lan-poltsaren bidez eta Langairen bidez. Bata zein bestea dira lan merkatuan sartzeko aukera bikainak, biek betetzen baitute enpresaren eta lan bila dabilenaren arteko bitartekaritza lana.
DeustuLaneko teknikariek duten lehen harremanean, beharrizanen diagnostiko bat egiten da, lana bilatzeko laguntza eskatzen duen pertsonaren egoera ezagutzeko eta laneratzea erraztuko dion bereziki prestatutako jarduera ibilbide bat antolatu ahal izateko. Lehen elkarrizketa hori garrantzi handikoa da, curriculuma aurkeztu, komentatu eta hobetu egiten baita, gero DeustuLaneko lan-poltsan erregistratzeko. Horrekin batera, harreman honek lagundu egiten dio tituludunari enplegua bilatzeko baldintzak eta jarrerazko trebetasunak definitzen, balio handiko informazioa izaten baita hau enpresentzat eta hautaketa prozesuetan parte hartzen duten pertsonentzat.