2023ko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria eman die Deustok María José Escalonari, softwarearen ingeniaritzako adituari, eta Sara Garcíari, minbiziaren ikertzaile eta astronautari

Sara García, Asier Perallos eta María José Escalona

2023ko uztailak 13

Madrilgo Egoitza

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak aurten X. ediziora heldu den Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Saria eman zuen uztailaren 13an Madrilen. Saridunak hauek izan dira: María José Escalona Cuaresma sevillarra, senior kategorian, eta Sara García Alonso leondarra, 35 urtetik beherakoen kategorian.

Agintari hauek hurbildu ziren ekitaldira: Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoa, Teresa Riesgo Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkaria; Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, baita Unibertsitateko beste agintari eta saria babesten duten beste entitate publiko eta pribatuetako ordezkariak ere. Aurten, gainera, saria X. ediziora iritsi denez, saria jaso duten beste emakume batzuk ere izan ziren. Horietatik hiru izan ziren parte hartzaile ekitaldian: Asunción Gómez, 2015eko Ada Byron sariduna eta Real Academia de la Lenguako kide hautatu berria; Concepción Monje, 2019ko Ada Byron sariduna; eta Laura Lechuga, 2020ko Ada Byron sariduna eta Ikerketa Sari Nazionala jasoa.

Sariak helburu nagusi hauek ditu: ikerketa esparruan eta garapen teknologikoan emakumezkoen bokazioak sustatzeko, bizitzako eta gizarte garapeneko esparru guztietan teknologiari ospea ematea, baita lan eta ikasketa horiek emakumeek egin izanak zelako ekarpena egin dion gizateriari erakustea eta balioa aitortzea ere.

Sariaren urrezko babeslea Microsoft da, baita Red Hat, Bizkaiko Foru Aldundia, Danobatgroup eta Emakunde ere, eta babeslea Innobasque da.

Zientzia eta teknologia, etorkizunaren oinarri

Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak azpimarratu zuen “Unibertsitateek gizarteari aurrean planteatzen zaizkion erronkak artatu beharra dugula, eta adi egon behar dugula enpresen premia eta eskakizunetara, haietara moldatzeko. Deustun urtero hamabost mila ikasle inguru ditugu, unibertsitateko 46 gradutan banatuta; gure fakultateetako bat Ingeniaritzakoa da eta 40 urte baino gehiago daramatza profesionalak prestatzen, enpresei etengabe entzunez; izan ere, gero eta ingeniari gehiago behar dituzte. Eskaera hori da, hain zuzen, Madrilen lehenengoz banatzen dugun sariaren helburuetako bat”. Asier Perallosek nabarmendu du “zientzia eta teknologia gure etorkizunaren oinarri direla, eta gure saridunen adibidea pizgarri izango dela beste emakume askok bide hori jarraitu dezaten”.

Aurreko edizioetan bezala, saridunak lanbideko karrera zabala eta ospe handikoa dutenak dira. María José Escalona, irabazle seniorra, Sevillako Unibertsitateko katedraduna da, eta Lengoaia eta Sistema Informatikoen sailari atxikitakoa. Engineering and Science for Software System ikertaldeko zuzendaria da, eta jorratzen dituen ikerrildoak softwarearen eta eskakizunen ingeniaritzan daude fokalizatuta, eta, oro har, pertsonengan oinarritutako softwarean. 2004. urtean lortu zuen doktore titulua nazioarteko aipamenarekin, eta ordutik hona 200 argitalpen baino gehiago egin ditu nazioarteko eta nazioko foroetan. Hainbat doktore-tesi eta nazio eta nazioarte mailako hainbat ikerketa proiektu zuzendu eta tutoratu ditu. Bere ibilbidean nabarmentzekoa da sare sozioekonomikoarekin duen harremana, enpresekin egindako proiektuak, patente bat eta ustiatzen ari diren software-erregistro ugari. Kudeaketa karguak hartu ditu bere unibertsitatean eta estatuko erakundeetan, eta era aktiboan parte hartzen du estatuko eta nazioarteko hainbat foro eta aholkularitza taldetan.

Bestalde, Sara García Alonso, gazte saria jaso duena, Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) ikertzaile titularra da, eta Europako Espazio Agentziako (ESA) astronauten erreserbako kidea. Bioteknologian lizentziatu zen Leongo Unibertsitatean eta, unibertsitateko karreran zehar, hainbat laborategitan trebatu. Biomedikuntzako espezialitateko Masterra egin zuen. Ondoren, Minbiziaren Ikerketa Zentrora joan zen (2013-2018), eta han Minbiziaren Biologia Molekularrean eta Medikuntza Translazionalean cum laude doktoratu zen. Medikuntzako doktore-tesirik onenaren Sari Berezia jaso zuen Salamancako Unibertsitatean. Tarte horretan zehar, minbizi mota desberdinetako diana terapeutikoak eta botikekiko erresistentzia-mekanismoak identifikatzen lan egin zuen. 2019an, Mariano Barbacid doktorearen laborategira batu zen CNIOn, eta aurrerapen esanguratsuak egin ditu KRASek bultzatutako biriketako adenokartzinomaren azterketan. Haren lana eragin handia izaten ari da minbizi mota horren aurkako terapiak identifikatzen. 2022an, Astronauten Europako Taldean erreserbako astronauta izateko hautatu zuten, eta toki hori lortu zuen lehen emakume espainiarra izan zen.

Ehun eta hirurogei hautagai baino gehiago

Emakume Teknologoarentzako Ada Byron Sariaren X. edizio honek marka guztiak gainditu ditu, 166 hautagaitza jaso eta ebaluatu baititu. Hamargarren edizio honetako hautagaiek talentu eta trebetasun sorta zabala osatzen dute Espainiako esparru teknologikoan. Emakume horiek konpromiso bikaina erakutsi dute beren arloetan, eta nabarmen lagundu dute berrikuntzan eta aurrerapen teknologikoan. Profilen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: ikerketako ekoizpen zientifiko zabala, Garapen Jasangarrirako Helburuekiko konpromisoa, zabalkundea eta teknologiaren bidez giza osasuna eta ingurumena hobetzeko bokazioa.

Ohikoa denez, parte hartzen duten emakume teknologoak jatorri geografiko askotakoak dira, bai eta era askotako prestakuntza jasoak ere. Bereziki nabarmentzekoak dira Bioteknologia, Aeronautika, Kimika, Nekazaritzako Ingeniaritza, Industria eta Konputazio eta Elektronika arloetako profesionalak. Hautagaiak hainbat sektoretakoak dira, besteak beste, akademiakoak, industriakoak, ekintzailetzakoak eta gobernu-esparrukoak, eta horrek erakusten du teknologiak duen aplikazio zabala.

Espainiako edizioaz gain, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak beste bost sari ditu Amerikako bost herrialdetan: Mexikon, Argentinan, Uruguain, Kolonbian eta Txilen; lanean ari dira Brasilera zabaltzeko ere.

Espainiako edizioan, hamar urte hauetan honako hauek izan dira sarituak: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantikoen” ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I + G-ko zuzendaria; Regina Llopis Rivas, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra; Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; Laura María Lechuga Gómez, Kimika Zientzietako lizentziatua eta COVID-19aren inguruko ikerketen barruko europar proiektuetako bateko koordinatzailea; Elena García Armada, industria ingeniaritzako doktorea, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta Marsi Bionics-eko presidentea, eta Lourdes Verdes Montenegro, behaketa erradioastronomikoetako zientzialari eta ikertzaile espezialista.

Bestalde, Ada Byron gaztearen irabazleak honako hauek izan dira aurreko edizioetan: Ana Freire, Informatikako ingeniaria eta doktorea, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; Susana Ladra González, Informatikako doktorea eta Matematikan graduatua; Jordina Torrents Barrena, Pompeu Fabra Unibertsitateko doktorea adimen artifizialaren arloan; eta Julia Guiomar Niso Galán, Ingeniaritza Biomedikoan doktorea eta Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren ikerketako ikertzailea.

Ada Byron sariari buruzko informazio gehiago