2016ko ekainak 08
Bilbao
EAEko enpresa txiki eta ertainetan lana eta bizitza pertsonala uztartzeari buruz dauden ikuspegiak landu ditu Ana Mata Galindezek defendatutako doktorego tesiak. Oso lan gutxi egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen gizarte erantzukizuna, lana eta bizitza pertsonala uztartzea eta familia enpresa lotuz, nahiz eta familia enpresak izan bertako enpresen % 90.
Azterlanak hainbat tresna erabili ditu, horien artean, eztabaida taldeak, elkarrizketa sakonak, galde sortak, bizitza kontakizun gurutzatuak eta LIWC, Linguistic Inquiry and Word Count. 1.170 pertsonako lagina hartu da oinarri. Lagin hori osatu dute Abokatuen, Ekonomisten eta Psikologien Elkargoetako profesionalek, eta Bilboko Merkataritza Ganberari eta EHUko Familia Enpresaren Katedrari lotutako familia enpresek.
Emaitzak aztertuta, euskal profesionalek lana eta bizitza pertsonala uztartzearen inguruan definizio bateratua dutela ikus daiteke. Profesional horiek uste dute laneko bizitza eta familiakoa eta pertsonala uztartzea garrantzitsuak direla eta hainbat eragilek esku hartu behar dutela egoera horretan. ETEetan laneko bizitza, familiakoa eta pertsonala uztartzeko politiken aplikagarritasunean, alde handia dago teoriaren eta praktikaren artean. Desberdintasunak handiak dira EAEko familia enpresetako langileen eta zuzendaritza-jabetzaren artean, politika horiez gozatzeari begiratuta.
Ildo horretatik, emakume jabeek azpimarratzen dute euskal familia enpresetan ere laneko eta familiako bizitza uztartzeko enpresa kulturaren inguruan lan egin behar dela, gaur egun enpresa horietako kultura tradizionala baita, genero ikuspegiari dagokionez.
Azterlan horren beste ondorioetako bat da familia enpresetan lana eta bizitza pertsonala uztartzeak lotura duela enpresa kulturarekin eta erantzukizuneko ardura duen pertsonarekin, eta ez horrenbeste genero kontuarekin.
