2026ko uztailak 14
Bilbao
Bilbok Soziologiako Espainiako XVI. biltzarra hartuko du 2026ko uztailaren 15etik 17ra, diziplina horrek Estatuan duen topaketa zientifiko nagusia. "Erronkak, ebidentziak,erantzunak" lelopean, ekitaldia Deustuko Unibertsitateak, Espainiako Soziologia Federazioak (FES), Euskal Herriko Unibertsitateak-(EHU) eta Euskal Soziologia eta Zientzia Politikoaren Elkarteak (AVSP/ESZPE) antolatu dute. Edizio hau mugarri bat da biltzarraren ibilbidean; izan ere, Bilbon egiten den lehen aldia da, eta aurretik, Euskal Herrian 1989an egin zen Donostian.
Hiru jardunaldietan zehar, 1.000 profesional eta ikertzaile inguruk egungo eraldaketa sozial, ekonomiko eta teknologikoei buruz eztabaidatuko dute, 41 lantaldetan banatutako 1.500 komunikazio akademiko baino gehiagoren bidez. Eztabaidetan eta ponentzietan, agenda publikorako garrantzi handia duten gaiak landuko dira: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, genero desberdintasunak, zahartze demografikoa eta gizarte kohesioa, besteak beste. Era berean, migrazio garaikideak, krisi klimatikoaren ondorioak eta Adimen Artifizialaren inpaktua aztertuko dira. Adimen Artifizialak paper nabarmena izango du programan, enpleguaren kudeaketa algoritmikoari eta ikerketa zientifikoaren etorkizunari buruzko berariazko sinposioekin.
Biltzarraren diseinuak ezagutza soziologikoa zuzenean gizarteari eta erabakiak hartzeko prozesuei transferitzea du helburu. Horretarako, programa globalak honako hauek jasoko ditu: nazioko eta nazioarteko adituen hitzaldiak; zientziaren eta lanbidearen arteko eztabaidak, osasunaren edo politika publikoen sektoreetan sinergiak sortzeko, eta aholkulari eta argitaletxe espezializatuentzako topaguneak. Horren osagarri, biltzarraren aurreko asteetan kultura eta dibulgazioko jarduerak egin dira hirian; aurreko egunetan, berriz, analisi metodologikorako tresnei buruzko berariazko prestakuntza eman da, graduondoko ikasleei eta ikertzaile gazteei zuzenduta.