2025eko maiatzak 07
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak UNIC Thematic Conference 2025 Urban resilience, sustainability and the future of inclusive post-industrial societies ekitaldian parte hartu du, Malmöko Unibertsitateak (Suedia) antolatuta, maiatzaren 7tik 9ra. UNIC Aliantzaren eduki akademikoko hitzaldi sorta batean lehena izan da eta, oraingo honetan, hiriek urbanizazio azkarrak eta garapen iraunkorraren beharrak markatutako garaian dituzten erronka eta aukerei heldu die. Zehazki, UNICen lantzen diren bi ildo tematikotan jarri da arreta: Jasangarritasuna eta Hiri Berdeak eta Hiri Erresilientzia eta Hiri Adimendunak.
Bertan izan dira Deustuko Unibertsitateko elkarteko 11 pertsona, Juan Jose Etxeberria errektorea, Deustuko Unibertsitateko UNICeko koordinazioko kideak, Gizarte eta Giza Zientzien, Hezkuntza eta Kirol eta Ingeniaritza Fakultateetako akademikoak eta ikertzaileak, baita Orkestrakoak eta UNICeko RePIC masterreko ikasle bat ere.
Deustuko Unibertsitateak presentzia nabarmena izan zuen Konferentzian, hainbat aurkezpenetan aktiboki lagundu baitzuen. Hala, Roberto San Salvador del Valle izan zen hizlari nagusienetako bat. "pH Factor. Active and involved people in transformative innovation of cities” saioa eskaini zuen. Bestalde, Yazari Agudelo Canok, Asier Divassonek, Jon Legardak eta Diego López de Ipiñak ikerketa bana aurkeztu zuten aurrekontu berdeei, klima-aldaketak bizi-kalitatean duen eraginari, arriskuak arintzeko hiri-erresilientziari eta herritarren behatokiei eta Itun Berdearen datuak biltzeari buruz, hurrenez hurren. Bestalde, Ana Goytiak UNICeko unibertsitateen artean garatu beharreko hiri postindustrial erresilienteei buruzko liburu akademiko bat elkarrekin sortzeko tailer batean parte hartu zuen.
Aldi berean, eta aukera hori aprobetxatuz, Batzar Orokorra izan zen eta UNICeko zuzendaritza bildu zuen. Deustuko Unibertsitatearen aldetik, Juan Jose Etxeberria errektorea joan zen UNICen etorkizunari buruzko erabaki-bileretara.
UNIC Thematic Conference 2025 amaitu ondoren, parte-hartzaileen iritziak oso positiboak izan ziren, eta bereziki baloratu ziren partekatutako ideiak eta proposamenen garapena, langile akademikoen, hainbat sektoretako profesionalen eta hiri-politiken arduradunen arteko ezagutza-trukearen ondorioz sortu dena. Ildo horretan, ekitaldi honek UNIC Thematic Conferences sailaren oinarriak ezarri ditu. Hurrengo edizioa Koç Unibertsitatean (Istanbulen) egitea aurreikusten da, 2026ko udaberrian.