2026ko irailak 16
Paraninfoa
Ehunka ordezkari instituzional, akademiko eta teknikok eztabaidatu zuten Deustuko Unibertsitatean irailaren 16an lan-merkatuen egoerari eta aurrea hartzeko politiken beharrari buruz. Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak bultzatu eta antolatu zuen ‘Europako aurreikuspen-politikak enpleguan’ izeneko topaketa Paraninfoan izan zen.
Juan José Etxeberria errektoreak inauguratu zuen jardunaldia, eta pertsona hauek parte hartu zuten: Mikel Torres lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak; Teresa Laespada Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak; Antón Costas Espainiako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidenteak; eta László Andor FEPS-Europako Ikasketa Progresistetarako Fundazioko idazkari nagusi eta Europako Enplegu komisario ohiak.
Hitzaldian, Deustuko Unibertsitateko errektoreak lan-merkatua aldaketa teknologiko, demografiko eta jasangarritasunekoetarako prestatzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Aurrea hartzea ez da etorkizuna asmatzea” azaldu zuen, “baizik eta zer datorren ulertzea, garaiz jarduteko eta pertsonei lanbideko etapa bakoitzean lagun egiteko”. Ildo horretatik, hezkuntza "bizitza osoko iparrorratz" bihurtu behar dela defendatu zuen, eta erakunde publikoekin aliantzak finkatzearen alde egin zuen, inor atzean utziko ez duten erantzun eraginkorrak eskaintzeko. Hitzaldi osoa.
Torres sailburuak, bere aldetik, digitalizazioaren, talentu eskasiaren eta adimen artifizialaren erronkei aurrea hartzeko gaitasuna indartu beharra defendatu zuen, eta ohartarazi zuen "egungo eraldaketen erritmoaren aurrean, aurrea hartzeak aukera izateari uzten diola, behar bihurtzeko". Ildo horretan, azpimarratu zuen datuak biltzearen eta tresna prediktiboen azken helburua pertsonak direla, eta nabarmendu zuen "adierazle bakoitzaren atzean lan aukerak bilatzen dituzten pertsonak eta talentua behar duten enpresak daudela, eta hori dela gure politika publikoak gidatu behar dituen helburua”.
Teresa Laespada foru diputatuak, bere aldetik, lan politiketan eredu proaktibo baterantz eboluzionatu beharra defendatu zuen, «aurreratzea zein etorkizun eraiki nahi dugun erabakitzea” dela adieraziz. Zentzu horretan, ohartarazi zuen administrazioak ezin direla konformatu langabezia murriztearekin bakarrik, lanpostu horien baldintzak ere zaindu behar dituztela: "Kalitatezko enplegua ez da politika ekonomiko soila; politika demokratikoa da, batez ere, demokrazia defendatzeak demokrazian konfiantza izatea ahalbidetzen duten baldintza materialak defendatzea eskatzen duelako".
Eztabaida mahaiak eta EN RLMM kongresu europarraren atarikoa
Jardunaldia hiru lan-mahai espezializatutan antolatu zen goizean zehar, lan-merkatuaren adimenean, enpleguko zerbitzu publikoetan eta Europako lankidetza-gobernantzan zentratuta. Itxiera instituzionala Susana González Rómulo Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu zuzendari nagusiak egin zuen.
Topaketa horren ondorengo bi egunetan, Eskualdeko Lan Merkatuaren Jarraipenerako Europako Sarearen 21. bilera egingo da, lan-merkatuaren adimena eta ebidentzian oinarritutako politikak aztertzeko.
Teresa Laespada diputatuarentzat "lan-merkatuaren aldaketei aurrea hartzea beharrizan estrategikoa da kalitatezko enplegua eta gizarte kohesioa bermatzeko". Haren ustez, "Bizkaiak lan prospektiba eta adimena lideratu behar ditu, nazioarteko praktika onenetatik ikasteko eta bere politikak etorkizunera egokitzeko", azpimarratu du.
