2023ko urriak 19
Donostia-San Sebastián
Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Larramendi eraikineko Foro aretoan, Europar Batasunak (Horizon Europe) finantzatutako Improve Europako Proiektuaren partzuergoaren bilera egin zen urriaren 19an eta 20an. Proiektu horren helburua da indarkeriatik bizirik atera diren emakumeentzako zerbitzuen eskuragarritasuna hobetzea. Donostiako campuseko errektoreorde Xabier Riezuk eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekano Ane Ferranek ongietorri instituzionala egin zieten hainbat herrialde eta lan-eremutako (soziala, unibertsitarioa, ikerketa, polizia) 30 bat agenteri. Agente horiek bi egunez parte hartu zuten Donostiako campusean, proiektuaren lan-arloak aztertzeko eta jarraipena egiteko egindako bileretan. Deustuko Unibertsitatea da, IMPROVE europar proiektuaren barruan, emakumearen aurkako indarkeriaren arloko politikak ezartzeko lan-arloaren buru.
Emakumeen aurkako indarkeria gizartean prebalentzia handia duen arazo soziala da, osasun publikokoa. Problematika horrek tratu txar fisikoak, psikologikoak eta sexualak hartzen ditu barne, eta ondorio larriak uzten ditu tratu txar horiek jasaten dituzten emakumeen kolektiboan. Desagerrarazteko ahaleginak egin diren arren, aurrerapen judizialek, sentsibilizazio kanpainen finantzaketak eta arreta-zerbitzu berrien sorrerak ez dute geldiarazi emakumeen aurkako indarkeria Europako erronka sozial handienetako bat bihurtuz. Errealitateak adierazten digu indarkeria jasaten duten emakume asko ez direla erabat jabetzen beren eskubideez. Gainera, ez dakigu zer zerbitzutara jo dezaketen.
Hala, ikuspegi intersekzionaletik, bereziki kezkagarriak dira kalteberatasun bereziko egoeran dauden emakumeak (adineko emakumeak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume migratzaileak, etab.); izan ere, zaila da haiengana iristea, eta, beraz, ez dute bidezko sarbiderik zerbitzuetara eta justiziara.
Bileretan, Deustuko Unibertsitatearen aldetik, honako irakasle eta ikertzaile hauek parte hartu zuten: Estibaliz Linares, María López Belloso, Lorea Romero, Ainhoa Izaguirre, Jon López, Demelsa Benito eta Borja Sanz.
IMPROVE Europako proiektua
Errealitate horren aurrean sortu zen, hain zuzen ere, proiektuaren ideia. IMPROVE, Improving Access to Services for Victims of Domestic Violence by Accelerating Change in Frontline Responder Organisations erakundeak, Europar Batasunak (Horizon Europe) finantzatuak, indarkeriatik bizirik atera diren emakumeentzako zerbitzuen eskuragarritasuna hobetzea du helburu nagusi, estrategia bikoitz batetik abiatuta. Estrategia horrek biziraun dutenen beharrizanei eta horiei erantzuteko zerbitzuetako langileek dituzten zailtasunei erantzungo die.
IMPROVE Europako zazpi herrialdek osatzen dute: Alemania, Frantzia, Austria, Finlandia, Hungaria, Portugal eta Espainia; Alemaniako Polizia Eskola (Deutsche Hochschule der Polizei) da proiektuaren koordinatzailea, eta 6 lan-pakete ditu: Emakumeen premiak identifikatzea eta profesionalen erantzunak hobetzeko alderdiak identifikatzea, adimen artifizialeko tresna garatzea, arretako profesionalak prestatzea, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko politikak ezartzea (Deustuk gidatuta), datuak zabaltzea eta ustiatzea, eta proiektuaren koordinazio zientifikoa eta kudeaketa.