Deustuko Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzaren laguntzak lortu ditu indar-ariketa fisikoaren bidez zahartzaroan hauskortasunaren aurkako ikerketa proiektu bat garatzeko

FRAILPOW Unibertsitateak izaera sozialeko ikerketaren alde egindako beste apustu bat da.

Deusto Sports & Society lantaldea

2025eko abenduak 18

Bilboko Campusa

Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Deusto Sport & Society ikertaldearen #FRAILPOW proiektuak, zahartzaroko hauskortasunari nola aurre egin ikertzen duenak, Eusko Jaurlaritzaren osasun arloko laguntza eta ikerketa proiektuen deialdiaren barruan aitorpena jaso du. Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen 2025eko abenduaren 9ko ebazpenean eman zen laguntza horren berri.

Zahartzaroko hauskortasunaren aurkako garrantzi handiko proiektua da, ariketa fisikoa ardatz hartzen duena. "Aitorpen horrek indartu egiten du osasunaren arloko ikerketarekin eta berrikuntzarekin dugun konpromisoa, eta ezinezkoa izango zen Deustuko Unibertsitateko eta IIS Biobizkaia taldearen baterako lanik gabe ", azaldu du Xabier Río de Frutosek, proiektuaren ikertzaile nagusiak.

FRAILPOWek indar/potentzia entrenamenduan oinarritutako hainbat esku-hartzek helduen eta adinekoen muskuluen kalitatean, funtzionaltasunean eta parametro anitzeko teknika omikoetan duen eragina ikertzen du.

Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuarekin batera garatuko den eragin handiko proiektu handinahi eta zorrotz horrek ariketaren zientzia, osasun publikoa eta analisi biomediko aurreratuak uztartuko ditu, jakintza aplikagarria eta eraldatzailea sortzeko.

Adinekoen hauskortasuna gure garaiko gizarte eta osasun mailako erronkarik handienetako bat da. "Ikertzea ez da neurtzea bakarrik –Deusto Sport & Societyko ikertzaile Maite Aurrekoetxeak dioen bezala-, pertsonen bizitza hobetzea ere bada: autonomia zaintzea, mendekotasuna prebenitzea eta zahartze duinago, aktiboago eta osasungarriagoaren alde egitea".

Aitorpen horrekin, talde-lana, bikaintasun zientifikoa eta izaera soziala duen ikerketaren aldeko apustua saritzen da.