2022ko azaroak 18
Bilboko Campusa Donostiako Campusa
Heldu da hitzez ekiteko garaia! Deustuko Unibertsitateko ikasleak, irakasleak, langileak eta lagunak euskal gizarte osoarekin batera batuko dira Euskaraldian azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hizkuntza-ohituretan euskararen aldeko aurrerapausoak emateko.
Lehendabizi, azaroaren 18an, goizeko 10:50etan, Euskaraldiaren eta Euskararen plazaren inaugurazioa izango da Bilboko campuseko Entzungelako klaustroan. Bertan ere txapak banatuko zaizkie ahobizi edo belarriprest gisa izena eman duten pertsonei.
Egun honetan ere, Donostiako campusean, 09:30etik 11:00etara unibertsitate elkarteak izena eman ahal izango du Euskaraldian eta dagokion txapa jaso Arrupe eta Larramendi eraikinen artean kokatuko den mahaian.
Honela, Euskaraldiak iraungo dituen hamabost egunetan zehar euskaraz bizi eta gozatzeko hainbat jardueretan parte hartzeko aukera izango du unibertsitate elkarteak, ahobizi edo belarriprest gisa, eta ariguneen barne ere.
Egunerokoen artean, ohiko “Egunean Behin” galde-sorta txapelketa eta “Berbalagun kafea” ospatzeaz gain, aurten TikTok txapelketa berria izango da ikasleen artean irudimena eta parte hartzea sustatzeko eta “Amazonia gara. Naturaren emakume defendatzaileak”
erakusketa Bilboko campuseko klaustroan, azaroaren 21etik 30era
Honez gain, zuzeneko ekitaldi ugariz gozatu ahal izango da Bilboko campusean, gonbidatu entzutetsuekin. Hain zuzen ere, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolari ezagunek bertso saioa eskainiko dute azaroaren 30an, Bilboko campuseko Garate Aretoan, eta Jabier Kaltzakorta euskal idazleak “Krimen-bertsoak” hitzaldia emango du ere (data konfirmatzeke). Azaroaren 24an euskal dantzen saioa izango da klaustroan 17:15etatik 18:30etara, eta abenduaren 1ean Onintza Enbeita euskal kazetari, bertsolari eta politikariak TEDxDeustoren esparruan ZEHAR Errefuxiatuekin topaketa egingo du Garate Aretoan, 18:00etatik 19:30etara.
Azkenik, abenduaren 2ko itxiera ekitaldian, Euskaraldiari goitik beherako agurra emango zaio festa giroan, 10:45etik 11:15ra, adierazpena, TikToken ikustaldia eta luncha izango dituen topaketa batean.