2026ko irailak 21
Deustuko Unibertsitatea
Bizkaiko Futbol Federazioak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Horri esker, ikasturte honetatik aurrera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudunek beren unibertsitateko prestakuntza futboleko entrenatzaile ikastaroekin osatu ahal izango dute.
Prestakuntza gela desplazatu baten bidez emango da, Deustuko Unibertsitatearen instalazioetan bertan, eta bi prestakuntza ibilbideen arteko lotura eta bateragarritasuna erraztuko da. “Bi erakundeen arteko akordio horrek laster proiektu eta erronka partekatu berriak ekarriko dituen lankidetza bati hasiera emango dio”, azaldu du Iñaki Gómez Mardones federazioko presidenteak.
Bestalde, Isabel Rubio Florido Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak oso positibotzat jo du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko ikasleei UEFA lizentziei lotutako prestakuntzarako sarbidea emateko lortu den akordioa. “Lankidetzari esker, prestakuntza hori ikasleen ordutegien ohiko dinamikan sartu ahal izango da, unibertsitateko ikasketekin bateragarri izango da eta graduaren berezko prestakuntza futbolaren arloko profesionalizazioaren berariazko dimentsioarekin osatuko da. Deustuko Unibertsitatearentzat, akordio hori aurrerapauso handia da unibertsitateko prestakuntzaren eta kiroleko garapen profesionalaren arteko loturan, ikasleei prestakuntza zabaltzen eta federazioen eremuan aitortutako akreditazioetara eta gaitasunetara hurbiltzen laguntzeko”.
Hitzarmenak, gainera, Unibertsitatearen eta Federazioaren arteko lankidetza indartzen du, kirolaren errealitate profesionala unibertsitate prestakuntzara hurbilduz eta ikasleentzako garapen aukera berriak sortuz.