Deustuko Unibertsitateak eta Arsys-ek informazioaren teknologien sektoreko talentua eta berrikuntza bultzatu nahi dute Unibertsitate-enpresa gela teknologiko berria sortuta

Arsys-en chief product officer Miguel Martínez-Vélez eta Ingeniaritza Fakultateko dekano Asier Perallos

2023ko uztailak 19

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta Arsys cloud azpiegiturako hornitzaileak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute informazioaren teknologien sektoreko talentua eta jakintzaren transferentzia bultzatzeko hurrengo hiru urteetan, prestakuntza eta berrikuntzako baterako jardueren bidez. Lankidetza 2023-2024 ikasturtean jarriko da abian, Unibertsitate-enpresa gela teknologiko bat sortuta Informatikako Ingeniaritza eta Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialeko arloetan. Lankidetza hitzarmena konpainiaren chief product officer Miguel Martínez-Vélezek eta Ingeniaritza Fakultateko dekano Asier Perallosek sinatu dute.

Unibertsitate-enpresa gela teknologiko berriak prestakuntza-beka deialdia egingo du Unibertsitateko graduko edo masterreko ikasleentzat. Hala, ikasleek gaitasunak eta ezagutzak era praktikoan garatuko dituzte, Arsys-ek cloud computig-eko zerbitzu belaunaldi berria sortzeko garatzen duen berrikuntza proiektuen barruan.

Lankidetza espazio horretan, Arsys-eko berrikuntza taldeak lagundu egingo die ikasle bekadunei teknologia disruptiboak hurbiletik ezagutu eta halakoekin lotutako proiektuetan lan egiteko aukera izaten: adimen artifiziala, blockchain, web3, cloud-edge continuum-a edo Europar Batasunak sustatutako ekimenak, Gaia-X europar proiektua bezala (EBn Ekonomiaren datuaren garapena sustatzen duena. Arsys-ek aktiboki hartzen du parte horretan). Esparru horietan, irakasleak prestatzeko jarduerak egitea ere aurreikusita dago gelan, zabalkundeko materialak eta hezkuntzakoak garatzea eta unibertsitateko elkarteari zuzendutako irakaskuntzako beste ekimen batzuk, Deustuko Unibertsitatearen instalazioetan egingo direnak.

Datua, eragile ekonomikoa eta lanbideko etorkizuna

“Datua eragile ekonomiko berri bihurtu da eta negozio aukera ugari ari zaie enpresei zabaltzen, baita lanbideko aukera berriak ere gazteei. Eraldaketa digitala erritmo oso bizian ari da aurrera egiten: egunero daude berrikuntza teknologikoak eta horrek etengabe prestatzen egon beharra dakarkie profesionalei. Hona hemen probarik argiena: lan merkatuan gehien eskatzen diren profilak ez ziren existitzen duela bost urte eta asko imaginatu ere ezin genituen egin”, dio Miguel Martínez-Vélezek, chief product officer-ak.

Hori dela eta, zehazten du, “ezinbestekoa da unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza, ikasleak geletatik haratago, etorkizuneko lanbidera ahalik eta gehien hurbiltzeko eta, aldi berean, unibertsitatean sortzen den jakintza enpresan errazago txertatzeko. Arsys-entzat, gela teknologiko honek sendotu egiten du talentuarekin eta enpresen lehiakortasunarekin duen konpromisoa; izan ere, gazteak zenbat eta hobeto prestatuta egon eta esperientzia gehiago izan, etorkizunean lehiakorragoak izango dira haien enpresak”.

Izan ere, Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren hitzetan: “Datuen Zientzia eta Teknologia, bai eta Informatikako Ingeniaritzarekin berarekin zerikusia duen guztiak ere, iraultza berria bizi du une honetan, bai merkatu profesionalean, bai arlo akademikoan. Jauzi kualitatibo bereziki deigarria egiten ari gara, kontuan hartuta enpresak, industriak eta, oro har, erakundeak gai horietan jartzen ari diren itxaropenek ez dutela mugarik”.

Gainera, unibertsitateak teknologia horien aplikazio praktikoa ere lantzen du: “Unibertsitateak gizartearen aurrerapen horri hurbiletik laguntzearen aldeko apustua egiten du, eta, gure ustez, unibertsitate proposamen berezia gidatu ahal izateko, ingurune azkar honetan, funtsezkoa da enpresetako eragileekin lankidetzan aritzea, ez bakarrik zure erakundean ezarritako ezagutzarekin, baizik eta teknologia ugariak ekoizpen-sarearen erronketan etengabe aplikatzen lan egiten duten profesionalen esperientzia txertatuz ere. Arsys-ekin bezala beste batzuekin egindako kolaborazioei esker, gure ikasleei enpresa-arrakasta kasuek ematen dieten balio berezia gozatzen dugu ikasgeletan”, adierazi du.

Unibertsitate-enpresa gela berri hau eratzea jesuiten erakunde ospetsuko Ingeniaritza Fakultatea hedatzen ari den unibertsitate-enpresa estrategiaren barruan dago, enpresa eta erakundeen arteko ekosistema bultzatzeko. Dagoeneko 300 entitate baino gehiagorekin egiten da lan egunero.

2023-07-17 - Deustuko Unibertsitateak eta Arsys-ek talentua eta berrikuntza bultzatzen dute informazioaren teknologien sektorean