Deustuko Unibertsitateak enpresetako eta zentro teknologikoetako arduradunak bilduko ditu, adimen artifizialak erakundeetan duen eragina aztertzeko

Desayuno Ingenierías Inteligencia Artificial

2022ko maiatzak 27

María Cristina Hotela, Donostia

 

Adimen artifizialaren funtsezko alderdiak, etorkizuneko proiekzioa, enpresen lehiakortasunarekin duen harremana, gaur egungo erronkak eta euskal enpresen ekosisteman duen eragina aztertzeko, Deustuko Unibertsitateak Ingeniaritzako Gosari bat antolatu du, “Adimen artifiziala: enpresak eta erakundeak eraldatzeko funtsezko tresna berria” izenburupean, datorren maiatzaren 27rako (goizeko 9:00etan), Donostiako Maria Cristina Hotelean.

 

Adimen artifizialak zuzeneko eragina du enpresetan eta industria sektoreetan, datuen analisian oinarritutako irtenbide prediktiboak eskaintzen dituelako, makina bat noiz matxuratu daitekeen aurreikusteko (mantentze-lan prebentiboa), bezeroen portaera aztertzeko (business intelligence) edo enpresen energia kontsumoak optimizatzeko (smart grids). Hori guztia adimen artifizialean oinarritutako beste soluzio batzuk ahantzi gabe, horien artean, prozesuak simulatzeko biki digitalak, ikusmen artifiziala, ahots laguntzaileak, automatizazio adimenduna edo roboten ikaskuntza.

Jardunaldia Deustuko Unibertsitateko errektoreak, José María Guibertek, hasiko du eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok, bukatuko. Ekitaldi nagusia mahai inguru bat izango da, Ingeniaritza Fakultateko Kanpo Harremanetarako dekanordeak, Pablo García-Bringasek moderatua. Mahai inguruan honakoek hartuko dute parte: Iñaki San Sebastián, CAFeko Proiektu Estrategikoen zuzendaria; Mariate Linaza, Vicomtech-eko Erakunde Garapenerako eta Sustapenerako zuzendaria; Marc Handels, Salto Systemseko bazkide zuzendaria; eta Laura Marrón, BAIC-Basque Artificial Intelligence Centerreko zuzendaria.

 

Izen ematea: empresa.ingenieria@deusto.es