Deustuko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, BEGIRALEAK proiektua bultzatzen du

Ekimen honen helburua mendekotasuna duten adinekoen eta zaintzaile informalen bizi-kalitatea hobetzea da.

 BEGIRALEAK proiektua

2025eko abenduak 01

Deustuko Unibertsitatea

Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "BEGIRALEAK" proiektua bultzatzen dute, biztanleria zahartzeak erronka sozial eta sanitario garrantzitsuak planteatzen dituen testuinguru batean. Proiektua Deustuko Unibertsitateko Neurolab ikertaldeko Olaia Lucas Jiménez eta Agurne Sampedro Calvete doktoreek zuzentzen dute. Marta Gil Cabrero doktorego aurreko ikertzaileak ere parte hartzen du.

Gero eta ohikoagoa da 65 urtetik gorako pertsonek beren eguneroko bizitzan laguntza behar izatea, eta haien senideek edo hurbileko pertsonek hartzea zaintzaile informalen rola. Lan horrek karga fisiko eta emozionala ekarri ohi du berarekin, eta eragin zuzena izaten du haien bizi-kalitatean eta zaintzen dituzten pertsonekiko harremanean. Hori gogoan harturik, proiektuak bi errealitate horiei heltzea planteatzen du, ikerketa eta lortutako emaitzen ezarpena bateratuz, ingurune asistentzialetan aplika daitezkeen prebentzio-estrategia gisa.

Horretarako, ebaluazio sakona egiten da eta neurri neuropsikologikoak bateratzen ditu, hala nola memoria edo arreta gaitasuna, eta psikoafektiboak, nekea edo loaren kalitatea, kasurako. Gainera, ebaluazio-tekniketan berritzailea delako nabarmentzen da proiektua; izan ere, neurri neuropsikologikoen barruan, epe luzerako ahanztura azkarraren azterketa sartzen da, narriadura kognitiboaren lehen etapetan agertzen den memoriaren funtzioaren alterazio bat. Aldagai hori neurtzeko, VALMT testa erabiltzen da. Tresna berria da, eta formatu digitalean aplikatzen da, eta espezifikotasuna eta sentikortasuna ditu alterazio mnesiko hori detektatzeko. Horretarako, gaztelaniara balioztatzeko lanean ari dira, Londresko Unibertsitateko sortzaileekin lankidetzan. Era berean, nabarmendu beharreko beste puntu bat odol eta gernu analisien bidezko biomarkatzaileen ebaluazioa da; neurri neuropsikologiko eta psikologikoei gehituta, bizi-kalitatean eragiten duten faktoreen ikuspegi zehatzagoa eta dimentsio zabalagoa lortu nahi da. Azterketa hori egiteko, biozientzietako ikerketan ibilbide luzea duen CIC bioGUNE ikerketa kooperatiboko zentroarekin lankidetzan ari da Unibertsitatea.

Proiektuak, gainera, hiru hilabeteko errehabilitazio kognitiboko esku-hartzea barruan hartzen du, batez ere kognizio sozialean zentratua. REHACOG programan oinarrituta dago, talde horretan bertan garatua; haren eraginkortasuna hainbat herritan frogatu da. Esku-hartze horrek errendimendu kognitiboan, maila fisiologikoan eta bizi-kalitateanduen eraginkortasuna aztertu nahi da, bai mendekotasun-egoeran dauden adinekoena, bai zaintzaile informalena.

“BEGIRALEAK” proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa eta etxeTIC sareko, hainbat zentroren lankidetza ditu. Zentro horiek erreferenteak eta berritzaileak dira teknologia berrien aplikazioan, mendekotasun-egoeran dauden adinekoak etxean bizitzen jarrai dezaten eta haien zaintzaileak zaintzen jarrai dezaten laguntzeko. Artikulazio horri esker, azterketaren emaitzak zuzenean aplikatu ahal izango dira laguntza-inguruneetan, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko .