Deustuko ikertzaileek gida bat garatu dute enpresei beren balioa eta eragin soziala kuantifikatzen laguntzeko

ReSChape proiektuaren barruan egin da, hornidura kateetako eraginak aztertzen dituen eta jasangarriagoak eta erresilenteagoak egiteko ereduak proposatzen dituen Europako proiektu batean.

Gidaren aurkezpena

2025eko irailak 03

Bilboko Campusa

Europako ReSChape proiektuaren barruan Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek garatu duten "Enpresetako balio sozialaren neurketa eta kudeaketa" gidaren helburua enpresei beren balio soziala neurtzen eta kudeatzen laguntzea da, Europar Batasuneko araudi berriaren arabera. Proiektu hori COVID-19aren pandemiaren ondoren abiarazi zen, hornidura kateetako inpaktuak eta disrupzioak aztertzeko eta ebaluatzeko, eta horiek erresilienteagoak eta jasangarriagoak egiten lagunduko duten tresnak emateko.

Enpresa ingurunea eraldatzen ari da, eta gizartea eta arau esparruak gero eta zorrotzagoak dira jasangarritasunari, gardentasunari eta gizarte erantzukizunari dagokienez. Europar Batasuneko Jasangarritasun Korporatiboko Txostenei buruzko Zuzentarauak (CSRD) eta Jasangarritasun Korporatiboko Arreta Egokiari buruzko Zuzentarauak (CSDDD), besteak beste, funtsezko esparruak definitzen dituzte testuinguru berri honetan. Testuinguru horretan, gida hau garatu da, enpresek beren balio kateetan sortzen duten balio soziala monetaren arabera kuantifikatzearen garrantzia nabarmentzen duen tresna gisa. Ikuspegi horrek, zuzenean eta modu praktikoan, sortutako balio sozialari buruzko informazioa eskaintzen du, interes-talde guztiek ulertzea errazten da eta inguruko enpresa-eragina gardenago eta eraginkorrago komunikatzen laguntzen du.

«Enpresek, ekonomiari ekarpena egiteaz gain, estandar arduratsuetan oinarritu behar dute. Estandar horiek interakzioan dauden pertsonek eta publikoek komunikatu eta ulertu behar dituzte», azaldu du Alberto de la Calle Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta gida honen lantaldearen arduradunak. Gainera, azpimarratu du haren aplikazioak aukera ematen duela «enpresa baten balioari eta inguruneari hornitzaile bakoitzak egiten dion ekarpen errealaren eta potentzialaren arteko arrakalak detektatzeko, bai eta hobetzeko estrategiak planteatzeko ere».

Gidak Eredu Poliedrikoaren metodologia erabiltzen du. Metodologia horrek gizarte-balioaren ikuspegi integrala ematen du eta berariazko interes-talde bakoitzarentzat sortutako balioa neurtzen du. Proposatutako ereduaren funtsezko alderdi bat hau da: erakundeetan jada eskuragarri dagoen informazioan soilik oinarritzen da, hala nola enplegatutako pertsonen kopurua, kontabilitateko datuak eta hornitzaile bakoitzak erosketen bolumen osoan duen pisu espezifikoa.

"Balio sozialaren neurketa eta kudeaketa enpresetan" gida ReSChape proiektuaren barruan garatutako tresna praktikoetako bat da; eskuliburuak ere egin dira zerbitzuen kanporatze arduratsuan laguntzeko, eta hornidura katean prozesuak eraldatzeko berrikuntza estrategiak edo hornidura katearen erresilientziari eragiten dioten faktore sozialen, ingurumenekoen eta klimatikoen txosten bat. ReSChape-ren webgunean gida honen laburpen bat dago. Dokumentu osoa nahi duenak info@reschape.eu helbidean eska dezake.   

ReSChape proiektua

ReSChape proiektuak (2022-2025) aldaketa eta disrupzio sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak aztertzen ditu, hornidura kate globaletan duten eragina ebaluatzeko. ReSChape partzuergoak 9 bazkide ditu, Europako 5 herrialdetakoak gehi Erresuma Batukoak, eta egoitza Erroman duen Consiglio Nazionale delle Ricerche (CNR) erakundeak koordinatzen du. Partzuergoa honako hauek dau: Deustuko Unibertsitatea, Zaragoza Logistics Center (ZLC), Inesc Tec - Instituto de Engenharia de Sistemas e Computadores, Tecnologia e Ciencia de Portugal, Fraunhofer Gesellschaft Zur Förderung der Angewandten Forschung (Alemania), RWI Leibniz-Institut Fur Wirtschaftsforschung (Alemania), Technische Universiteit Eindhoven (Herbehereak) eta Bartzelonako IRIS Technology Solutions S.L.

COVID-19aren pandemiaren ondoren, funtsezko hainbat helburu zituela jarri zen abian, hala nola hornidura kate eraginkorragoak egiteko eredu berritzaileak ematea, pertsonak (langileak, kontsumitzaileak eta herritarrak) enpresa jardueraren erdigunean kokatzeko, teknologiak lagunduta. Eragin sozial onuragarria nola bermatu ere aztertzen ari da, agertoki politiko berritzaileekin eta etorkizuneko hornidura kateetarako gomendioekin.

Proiektuak hainbat erronka jorratzen ditu, hala nola krisiaren aurreko erresilientzia, jasangarritasuna eta digitalizazioa, pandemiaren ondoren Munduko Bankuaren eta ELGAren txostenetan identifikatutako gai kritikoak.