2022ko urriak 20
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak Hitzaren aldeko II. Jardunaldi Juridikoak ireki zituen urriaren 20an. Topaketa hori Magistraturako Elkarte Profesionalarekin, Magistraturako Fundazioarekin eta Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuarekin batera antolatu zen, eta helburua zen epailetzako, abokatutzako eta erakundeetako pertsonen artean gogoeta egitea eta eztabaidatzea. Estatu osoko Zuzenbidearen arloko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da.
Aurreikusitako gaien artean, honako hauek daude: osasun arloko ondare erantzukizuna; Europako Justizia (Europako auzitegiak) eta horrek EBko auzitegi nagusiekin duen lotura; Madril Erdialdeko eta Valdecañas uharteko kasuak; ahaideak deklaratzeko dispentsaren auzi eztabaidagarria; eta funtzio publikoarekin eta administrazio onerako oinarrizko eskubidearekin lotutako alderdiak.
Horiei buruz hitz egiteko, honako hauek gonbidatu dituzte: magistratu aditu ezagunak, Ricardo Da Silva Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiko Zazpigarren Salako presidentea, Luis Ángel Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako presidentea, Diego Gómez abokatu aditua eta Esdejusticia blogaren egilea, eta Susana López Altuna Osakidetzako Aholkularitza Juridikoko zuzendariordea, beste askoren artean.
Inaugurazioa
Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Abokatuen Elkargoko dekano Carlos Fuentenebrok eta Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiko magistratu Emilio Llano de Espinosak inauguratu dituzte jardunaldiok, beste batzuez gain. Sarrerako hitzetan, Guibert errektoreak gogorarazi du unibertsitatean pentsamendu kritikoa, hitzaren azterketa eta kontzeptualizazioarekin lotutako gaitasunak sustatzen direla errealitatea atzemateko eta horretan sakontzeko.
"Beste leku batzuetan herritarrei min egiteko eta suntsitzeko misilak eta droneak erabiltzen dituzten bitartean, hemen eremu juridikoan hitzaren boterean sakontzen ari gara, gai sozial garrantzitsuei erantzuteko", adierazi du. Ildo horretan, jardunaldi hauek gizartean aurrera egiteko hain garrantzitsua den elkarrizketa eta lankidetza horren adibide ona dira. Bestalde, Beatriz Artolazabal sailburuak Eusko Jaurlaritzaren 2022-2028 Justiziako Plan Estrategikoaren ikuspegi humanistagoa irudikatu du.
“Gure planak Justiziarako sarbidea unibertsalizatzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu, batez ere pertsona ahulenentzat: adingabeak, adinekoak, ezintasunak edo baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonak, biktimak eta abar” esan die EAEko Epailetza eta Abokatutzaren ordezkariei. Artolazabalek adierazi duenez, ikuspegi sozial horretatik, bere sailak kolektibo ahulenei justiziara iristeko oztopoak kentzearen alde egiten du, bai eta gatazkak konpontzeko baliabide osagarriak sustatzearen alde ere, Justizia Leheneratzailea edo Konpontzailea sustatuz eta Biktimari Laguntzeko Zerbitzuak sendotuz.
Ondoren, Santiago Muñoz Machadok, Espainiako Errege Akademiako zuzendari eta Espainiako Akademien Elkarteko presidenteak, Cervantes y la Justicia inaugurazio hitzaldia eman zuen. Berarekin izan ziren Manuel Almenar Magistraturako Fundazioko presidentea eta Pontevedrako Probintzia Auzitegiko magistratua, eta Cesar Coca El Correoko Kultura Arloko arduraduna.
Lehenengo jardunaldia Deustuko Unibertsitatean eginda, bigarren saioa urriaren 21ean izan zen, ostiralean, Bilboko Abokatuen Elkargoan, eta hainbat pertsona ezagunek hartu zuten parte, hala nola Carmen Adán, EAEko fiskal nagusia; Antonio del Moral, Auzitegi Goreneko Zigor Salako magistratua; eta Aner Uriarte, Bizkaiko epaile dekanoa.