Deustuk KorriCan aurkeztu du, Bizkaiko eskola mailako txakurkrosa sustatzeko proiektu pilotua

Berriak

2022ko martxoak 25

Bilboko Campusa

Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak KorriCan aurkeztu dute gaur, martxoak 25, Bizkaiko lurralde historikoan eskola mailan txakurkrosa sustatzea helburu duen proiektu pilotua. Europan tradizio luzea duen diziplina hau mushing-etik (lera-txakurrak) dator eta txakur bat gerri lotu eta animaliak tiraka korrika egitean datza, modu seguruan praktikatzeko aukeratutako berariazko materiala erabiliz. Gurean finkatzen hasita dagoen kirol honek abantaila garrantzitsuak dituela egiaztatu da, bai jabeentzat eta bai haien maskotentzat.

Proiektua Xabier González Santamaría Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko irakasle eta ikertzaileak zuzentzen du. KorriCan, bere doktorego tesiaren proiektua da eta ikerrildo estrategiko gisa sortu da Unibertsitatean. Gainera, gaur egun, kirol honen praktikaren inguruko bi ikerketa zientifiko daude abian, kirol horren praktika fisikoa hezkuntza arloarekin eta osasunaren sustapenarekin lotuta.

Zehazki, Hezkuntzaren arloan, Arrigorriagako institutuko gorputz hezkuntzako klaseetan 4 saioko esku-hartze hezitzailea garatuko da, gerora ebaluatuko dena. Esku-hartze horretaz gain, "Ausartak Amarok Txakur-Trail Mendi Eskola" kirol eskola jarriko da martxan, eskolaz kanpoko jarduera gisa. Jardunaldi didaktikoak Arrigorriagako Mendikosolo parkean izango dira, institutuaren ondoan, naturaren erdian kirola egiteko leku aproposean. Osasunari dagokionez, txakurkroseko korrikalarien errendimendua baloratzeko, ikerketa batetik lortutako datuak ari dira aztertzen gaur egun.

Helburuak eta ekintzak

KorriCan-en helburu nagusien artean, eskola-adinean dauden haur eta nerabeei txakurkrosa ezagutaraztea eta animalien eta ingurumenaren zaintza eta errespetua sustatzea daude, besteak beste. Horretarako, sentsibilizazio jardunaldiak diseinatu eta burutuko dira eta txakurkrosaren eta txakurren hezkuntzaren praktikari buruzko material didaktikoa sortzea dago aurreikusita.

Horrez gain, erreferentziazko multimedia atari bat [www.korrican.eus] sortuko da, ikus-entzunezko formatuan hezkuntzako materiala eta bestelako euskarri dokumentalak partekatzeko. Martxoan hasiko den proiektua 2023ko urtarrilean guztiz ezarrita egotea espero da.

Proiektuaren sustatzaileen artean, Bizkaiko Foru Aldundia, Arrigorriagako Udala eta Institutua, Deustuko Unibertsitatea, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioa, Amarok Txakurkros Neguko eta Mendiko Kirol Kluba, Arrigorriagako Ausartak Elkartea eta Non-Stop Dogwear mushing-erako kirol-ekipamenduetan munduko lehen marka daude. Horrez gain, Mugiment Euskadi, Muturtxu, Galokan, Todo Piensos Asua, APA SOS Bilbao, Weimaraner Rescue eta Runnun.eus taldeak ere elkarlanean ari dira.

Argibide gehiago euskaraz

Proiektuaren audioa euskaraz

 

Poster Korrikan