Deustuk adimen artifizialak erakundeetan duen eragina aztertu du

Berriak

2022ko maiatzak 27

Donostiako Campusa

Berriki argitaratutako txostenen arabera, adimen artifizialaren Espainiako merkatua % 27 haziko da 2020 eta 2025 urteen artean. Horrek esan nahi du 2025ean 1.400 milioi euroko merkatu zifrara iritsiko dela. Adimen artifizialak zuzeneko eragina du enpresetan eta industria sektoreetan, datuen analisian oinarritutako irtenbide prediktiboak eskaintzen dituelako, makina bat noiz matxuratu daitekeen aurreikusteko (mantentze-lan prebentiboa), bezeroen portaera aztertzeko (business intelligence) edo enpresen energia kontsumoak optimizatzeko (smart grids).

Agerikoa da jakintza horiei lotutako profesionalen beharrak handiak izango direla datozen urteetan. Hala ere, beste txosten baten arabera, gaur egun enpresen % 23k zailtasunak ditu hautagaiak aurkitzeko. Horregatik doaz mantsoago adimen artifizialaren aurrerapenak, Deep Learning, Hizkuntza Naturalaren Prozesamendua (NLP), prozesuen automatizazioa eta antzeko arloetako trebetasunak eta esperientzia duten aditu gehiago behar direlako.

Deustuko Unibertsitatea behar horretaz jabetzen da. Eta horregatik jarri ditu abian Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialari lotutako ikasketak, Bilboko eta Donostiako campusetan. Hain zuzen ere, adimen artifizialaren funtsezko alderdiak, etorkizuneko proiekzioa, enpresen lehiakortasunarekin duen harremana, gaur egungo erronkak eta euskal enpresen ekosisteman duen eragina aztertzeko, Deustuko Unibertsitateak Ingeniaritzako Gosari bat antolatu du. “Adimen artifiziala: enpresak eta erakundeak eraldatzeko funtsezko tresna berria” izenburupean, gosaria maiatzaren 27an izan da, Donostiako Maria Cristina Hotelean.

Jardunaldia Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, Xabier Riezuk, hasi du eta Gipuazkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendariak, Ion Gurrutxagak, bukatu. Ekitaldi nagusia mahai inguru bat izan da, Ingeniaritza Fakultateko Kanpo Harremanetarako dekanordeak, Pablo García-Bringasek moderatua. Mahai inguruan honakoek hartu dute parte: Iñaki San Sebastián, CAFeko Proiektu Estrategikoen zuzendaria; Mariate Linaza, Vicomtech-eko Erakunde Garapenerako eta Sustapenerako zuzendaria;Aznar Sethna, Salto Systemseko Marketing eta Salmenta zuzendaria; eta Laura Marrón, BAIC-Basque Artificial Intelligence Centerreko zuzendaria.

Euskadi, adimen artifizialean erreferentzia

Hizlariek Euskadin adimen artifiziala bultzatzeko abian jarri diren ekimenez hitz egin dute. Laura Marronek BAIC aurkeztu du, Basque Artificial Intelligence Center. 2021ean jarri zen abian, lankidetza publiko-pribatua bultzatzeko eta industriari adimen artifiziala azkar bereganatzen laguntzeko. Aldi berean, esperimentatzeko eta proiektuak azeleratzeko laborategia ere bada. BAICen sustatzaileak honakoak dira: CAF; Deusto Seidor; Euskaltel; Gestamp; Hupi Ibérica; Iberdrola; Inzu Group; ITP Aero; Mondragon Korporazioa; Onkologikoa; Petronor; Sener; Versia; SPRI Taldea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen Sailaren izenean; Tecnalia; Vicomtech; eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM).

Bestalde, Mariate Linazak Vicomtech zentro teknologikoaren ekarpenaz hitz egin zuen. Vicomtech Data Intelligenceko algoritmoak eta Visual Analytics erabiltzen espezializatutako zentroa da. Machine Learning-eko ikuspegi aurreratuenak (besteak beste, makrodatuak eta ikaskuntza sakona) aplikatzen dituzte adimen artifizialaren parte diren arlo teknologiko zehatzetan, esate baterako, Computer Vision, irudien prozesamendua eta mintzairaren eta hizkuntza naturalaren prozesamendua. Industria datuen analitikari dagokionez, Data Intelligence eta Visual Analytics ikuspegiak erabiltzen dituzte jokaleku konplexu askotan, adibidez, fabrikazio aurreratuan eta petrolioaren eta gasaren sektorean.

Bestalde, CAFeko Iñaki San Sebastiánek azaldutakoaren arabera, orain dela gutxi ‘ExperiencIA: datos e inteligencia artificial en el sector público’ azterlana argitaratu dute eta agerian jarri dute datuen eta adimen artifizialaren erabilerak ekonomia modernoak irauliko dituela, baina gobernuek herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzeko erabiltzen duten modua ere eraldatu dezaketela. San Sebastianen iritziz, adimen artifiziala sektore publikoan modu arduratsuan erabiltzeak autonomia erkidegoari lagundu diezaioke zerbitzu publikoen horniduran jauzi kualitatiboa ematen, bere prozesu burokratikoen efizientzia handitzen eta herritarrei kontuak ematen.

Azkenik, Salto Systems sarbideen kontrol adimendunerako soluzioetan espezializatutako enpresa da, Aznar Sethnaren hitzetan, eta erabiltzen dituzten teknologien artean garrantzi berezia hartzen dute ikusmen artifizialean oinarritutako soluzioek, pertsonak ezagutzea ahalbidetzen baitute. Adimen artifizialaren abantailak RFID, Bluetooth LE eta NFC teknologiekin konbinatuta, atea txartel adimendunarekin, giltzatakoarekin, eskumuturrekoarekin edo iPhone edo Android smartphone batekin irekitzeko produktuak eskaintzen dituzte.