2023ko martxoak 02
Liburutegiko ataria
Munduko liderrek 2030 Agenda onartu eta zortzi urtera, 2030a baino lehen Garapen Jasangarriko 17 Helburu (GJH) lortzera bideratutako ekintza-plan globala erronka handia da oraindik, munduko gobernuentzat eta nazioentzat. Hori dela eta, NBEk atzerako kontaketan daude amaiera epera iristeko, eta Bilbo hiria aukeratu dute 2030 Tokiko Koalizioaren egoitza ezartzeko. Plataforma horren bidez, GJHen aplikazioa azkartu nahi du, herritarrengandik hurbilen dauden mailetatik ekintza berritzaileak koordinatuz.
Erabaki hori ez da zoriaren ondorio, baizik eta Euskadi garapen jasangarriaren arloan garatzen ari den ibilbidearen aintzatespenaren ondorio, tokiko hainbat eragileren lankidetzaren bidez. Horietako batzuek DeustoForumeko “Garapen Jasangarriaren lokalizazioa: kontratu soziala lurralde ikuspegitik” izeneko topaketan parte hartu dute, martxoaren 2an, eta NBEk Bilbon duen bulego berriaren papera aztertu dute.
Ekitaldia Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean egin da, eta hitzaldia eskaini du Emilia Saiz Carrancedok, NBEren 2030erako Tokiko Ekimenaren Batzorde Exekutiboko kide eta CGLUko idazkari nagusiak. Ondoren, mahai-ingurua egin da Jonan Fernández Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsizioko eta Agenda 2030eko idazkari nagusiarekin, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi ordezkariarekin eta Nora Sarasola BBK Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendariarekin.
Lokalizazioaren kudeaketan funtsezko erreferente gisa, adituak azaldu du ez dela kasualitatea Bilbo aukeratu izana NBEren lan garrantzitsu hori egiteko; izan ere, Bizkaiko hiriburuak 2015a baino askoz lehenago aipatzen zituen balioak, eta 2030 Agenda onartu zenean, garapen jasangarria joera erakargarri bihurtu zen. Horrek hiri-agenda berri baterako bidea ireki zuen, eta horixe da kokapenaren oinarria. Izan ere, adierazi du gaur egun diskurtso hori ez dagoela hain onartuta eta ez dagoela nazioarteko agendaren erdigunean, egungo erabaki politikoak oso polarizatuak daudelako, eta ez doazelako guztiak itundutako garapen jasangarriaren alde.
Horregatik guztiagatik, Saizek 1913ko nazioen lehen mugimenduen espiritua berreskuratzearen alde egin zuen, tokian tokitik eguneroko kezketan pentsatuz, GJHen jomugen % 70 ekonomia lurraldeka birpentsatuz lor zitezkeelako. Horri dagokionez, Bilboko hiriaren goiburua aipatuz, hau da, “inor ez uztea atzean inoiz”, zerbitzu publikoak agendaren erdigunean jartzea proposatzen du, horietan inbertituz eta tokiko gobernuei zerbitzu horiek garatzeko eskumenak emanez, bai eta uretarako eta informaziorako sarbidea Internet bidez unibertsalizatzea ere, herritar guztien ezinbesteko eskubideak baitira. Halaber, kulturak etorkizuneko ikuspegian izan duen paper aktiboa aldarrikatzen du, eta 18. GJH berri gisa proposatzen du, zalantzarik gabe, etorkizunean etorriko diren krisien antidotoa izango baita.
Ondoren, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen eta Enpresa Diplomaziaren Masterreko doktore eta zuzendari Iñigo Arbiolek gidatutako mahai-inguruari eman zaio hasiera. Bertan, Jonan Fernándezek (Eusko Jaurlaritza), Gonzalo Olabarriak (Bilboko Udala) eta Nora Sarasolak (BBK Fundazioa) GJHen lokalizazioaren arloan Euskadin aurre egin beharreko erronka premiazkoenei buruz hausnartu dute hizlariarekin batera.
Gonzalo Olabarriaren hitzetan, “ezartzea ez ezik, orokorrean atzeratuta daramagun agenda bizkortzea ere bada kontua”. GJHek bat egiten dute Bilboko jarduera guztiak gidatzen dituen balio kartarekin, Unesco Etxearen laguntzari eta CGLUren esperientziari esker, baina onartzen du lan egin behar dela herritarren artean 2030 Agendari buruzko informazioa zabaltzeko. Izan ere, herritarrek ingurumen gaiekin lotzen baitute, giza garapen integral, jasangarri eta demokratiko baten aldeko ekintza planarekin barik.
Bestalde, Jonan Fernándezek, euskal gobernantzaren estrategiaren arduradun gisa, gauza zehatzen metodologia aldarrikatu du, GJHak askotan hizkuntzaren abstrakzioan itota geratzen baitira. Horri dagokionez, adierazi du konpromiso horiek lortzen lagunduko duten azpiegiturak eta legegintzaldiko esparruak behar direla, tokiko errealitatearekin lotutako adierazleen panel bat ezarriz eta GJHen ezagutza defizita arinduko duen dibulgazio programa barne hartuko duen kontratu sozial berria sustatuz.
Ildo horretan, Nora Sarasolak nabarmendu du sektore pribatuak arlo publikoari lagundu behar diola eta herritarrak erabakien erdigunean jarri behar dituela. Izan ere, enpresek gero eta apustu handiagoa egiten dute aberastasuna eta enplegu jasangarria sortzeko, baita gizarte eta ingurumen konpromisoa ebaluatzeko neurriak sartzeko ere, horretarako irizpide jasangarriak eta errentagarriak lehenesten dituzten ereduak eta inbertsioak sustatzen dituzte. Ildo horretan, irizpide horiek errespetatzen dituzten enpresen produktuak eta zerbitzuak erosteko orduan herritarrek duten erantzukizuna ere aldarrikatzen du; izan ere, “low cost ez den lurraldea nahi badugu, apustu jasangarriago hori egiten ari diren enpresak babestu eta lehenetsi behar ditugu”.
Ondorio gisa, Emilia Saiz Carrancedok eskaera egin du aberastasunaren kontzeptua birdefinitzeko, gizarte sortzaile eta ez-produktiboa erdigunean jartzeko, eta bere altxorrik handiena pertsonak eta mundua zaintzea izateko: “Gure gizarteak kolapsatu egingo dira zaintza monetizatzen ez bada. Azken urtean, energia-krisiaren ondorioz, EB erabakiak hartzen ari da, eta funtsak berdeak ez diren gaietara bideratzen ari da. Horregatik, birdefinitu egin behar dugu gure arkitektura, berdintasunaren, hurbiltasunaren eta multilateralismo berrituaren alde eginez”.