2022ko abenduak 15
Icaza auditorioa
“Emakumea, bizitza eta askatasuna” da emakumeen – eta gizon askoren – matxinadaren leloa Iranen. Mahsa Amini, 22 urteko neska, poliziaren zaintzapean hil zen irailaren 16an, beloa ondo ez janzteagatik eta ilea agerian eramateagatik. Gertakari horrek piztu du matxinada hau. Mahnaz Shirali soziologo irandarraren adierazpenen arabera, Mahsa gaztearen izaera apolitikoak gazteen artean eztanda eragin du, izan ere, Irango erregimenaren izaera zapaltzailea gorabehera, orain arte beren eguneroko bizitzan eta axolagabekerian babestuta sentitzen baitziren.
Horri guztiari buruz hitz egin zen abenduaren 15ean, Deusto Forumek antolatutako solasaldi batean, María Silvestre soziologoarekin batera. Silvestre, katedraduna da eta Deustuko Unibertsitateko Agenda 2030- Berdintasuneko zuzendaria da. Bere hitzaldian, mugimendu hori zertan datzan, nola gertatu zen eta zein ezaugarri berezi dituen azaldu zuen, baita Iranen izan diren beste gertaera batzuekiko dituen desberdintasunak ere.
Nerabe eta gazteentzako brigada berria
Moralaren poliziari dagokionez, eta Mahsa Amini gaztearen hilketagatik izandako protesten ondoren abolitu ote zuten galdetuta, soziologo irandarrak dio “ziur dagoela” ezetz, eta, hain zuzen ere, “ez dela ezabatu, baizik eta polizia talde berri bat sortu dela nerabeez eta gazteez arduratzeko; brigada horrek atxilotzen ditu haiek zerbait esan bezain laster”.
Zifra ofizialen arabera, 18.000 pertsona inguru atxilotu edo zigortu dituzte Iranen, baina, soziologo irandarraren iritziz, zifra horiek behetik jota ematen dituzte, eta baliteke gehiago egotea. Gainera, beldur gara Errepublika Islamikoa ez ote den askoz urrunago joango eta ehunka manifestari exekutatuko ote dituen”. Haren arabera, ekintza horien aurrean, nazioarteak esku hartu behar du, “bere erantzukizuna” delako.
Gogorarazi du 2005ean "Herrien Babesa" izeneko lege baten alde bozkatu zela, eta estatuburu eta gobernuburu guztiek bozkatu zutela 2005ean, Nazio Batuetan. Lege horren arabera, “agintariek beren biztanleria hiltzen duten herrialde bat dagoenean, nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da esku hartzea eta herritarrak babestea. Hori da Iranen kasua. Irandarrak arriskuan daude, eta dozenaka mila manifestari daude kartzelan heriotza zigorrera kondenatuak izateko arriskuan”. Hori dela eta, Mahnaz Shiralik laguntza eskatu dio nazioarteko komunitateari, lehenbailehen esku har dezaten eta exekuzioak eragotzi ditzaten, “bere erantzukizuna delako”.