2022ko azaroak 04
Gradu aretoa
Azaroaren 4an, Unibertsitateak Giza Eskubideen Institutuaren 25. urteurrena ospatu zuen. Apustu akademiko eta politikoa hau Deustu eta, ondorioz, Euskadi giza eskubideen sustapenaren eta babesaren arloko prestakuntzaren, ikerketaren, transferentziaren eta sentsibilizazioaren erreferente bihurtzeko sortu zen. Ekitaldi honen bidez, José María Guibert errektoreak berretsi egin nahi izan du giza eskubideen kultura sortzen jarraitzeko konpromisoa, bai Euskadin, bai, ahal dugun neurrian, nazioartean.
Institutua 1997ko azaroan sortu zen, sinbolikoki, Pedro Arruperen jaiotzaren (azaroaren 14a) eta El Salvadorreko UCAko martirien hilketa gertatu zen egun zorigaiztokoaren (azaroaren 16a) inguruan. Gaur egun, 25 urte geroago, “Deustuk giza eskubideekin, bakearekin eta gizalegezko balioekin eta, azken batean, justizia sozialarekin duen konpromisoa islatzen eta agerian uzten du, horixe baita Unibertsitatearen eta Jesusen Lagundiaren ezaugarri”, Guibert errektorearen hitzetan.
Ildo horretan, Gorka Urrutia Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zentroaren lan ildo nagusiak gogorarazi zituen: Nazioarteko laguntza humanitarioa, giza eskubideen nazioarteko babesa, nazioarteko migrazioak, kultura-aniztasuna eta gizarte kohesioa, gutxiengoak, bizikidetza, bakea eta gatazken konponbidea. Gai horiei buruz, zoritxarrez, oraindik lan asko egin behar dela adierazi zuen, oraindik ere “bidegabekeria handiei egin behar baitzaie aurre arlo horietan eta beste batzuetan”.
1.000 aditu giza eskubideetan
Hala ere, poza agertu zuen unibertsitateak arlo horretan egin duen ekarpenaz. Horrela, urte horietan zehar, Institutuko ikasgeletatik (doktorego eta graduondoko programetatik) 1.000 pertsona baino gehiago igaro dira giza eskubideetan eta gai espezifikoetan trebatzeko, hala nola laguntza humanitarioan, migrazioetan, gatazketan, herri indigenen eskubideetan, politika publikoetan eta horien inplementazio praktikoan.
Ezin dira ahaztu Institutuak gizartean eraginez eta herritarrak sentsibilizatzeko zereginean burutu dituen jarduera akademiko, ikerketa, argitalpen eta jardunaldi ugariak. “Eta jarduera horiek guztiak -Gorka Urrutiak adierazi zuenez- bi ertzetako filosofia deritzonaren esparruan egin dira, hemen eta han. Iparralde Globalean eta Hego Globalean. Bizi ditugun mundu ezberdinak batzen gaituzten inguruak dira. Euskadi, Europa, Guatemala, Kolonbia, Latinoamerika, Afrika”.
Aurkezpenean, “hezur-haragizko pertsona horien” garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, “zailtasunak zailtasun, aske baitira justizia sozialaren alde borrokatzeko eta giza eskubideak unibertsalak direla aldarrikatzeko, bestela ez dagoela halakorik”. Alde horretatik, “uste dut gure zeregina dela, Institutu gisa, konpromiso hori eta ezaugarri dugun zorroztasun akademikoa bateratzen jarraitzea”.
Kolektibo ahuldua
José María Guibert errektoreak ere deitoratu zituen oraindik ere ainguratuta ditugun egiturazko bidegabekeria asko. Izan ere, eskema politiko horietan, pertsonak ez dira aske beren jatorrizko herrialdetik kanpo babesa edo bizi-baldintza hobeak bilatzeko, eta horrek sufrimendu amaigabeak eta gizaki askoren eskubideen urraketa etengabeak eragiten ditu. Felipe González Morales Migratzaileen Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Errelatore Bereziak, lehen mailako hizlari instituzional eta akademikoak, ahuldutako kolektibo baten egungo eta nazioarteko egoerari buruz hitz egin zuen: migratzaileen egora lazgarriari buruz.
Migratzaileen giza eskubideak babesteko erronka berri eta zaharren inguruan mintzatu zen, hainbat arrazoik eraginda, behartutako desplazamenduen hazkundearen aurrean mugak ixtearen aldeko jarrera hartu duen mundu asaldatu honetan. Halaber, pandemiaren eraginei, klima-aldaketaren testuinguruan babesteko erronkei edo mugetako giza eskubideen urraketei buruz Errelatorearen Bulegoak duela gutxi egin dituen txostenen edukia aurkeztu zuen. Berehala kanporatzeko praktikak (pushback) legitimatzeko joera tamalgarriaren azterketa egin zuen, gobernuek lege eta dekretuen bidez egiten dutena. Praktika horiek, bere ustez, nazioarteko mugak zeharkatzen dituzten migratzaileen giza eskubideak errespetatzea larriki oztopatzen jarraitzen dute.
Eusko Jaurlaritzaren babesa
Migratzaileen gaiak politikoki eta pertsonalki kezkatzen du Iñigo Urkullu lehendakaria. Sarritan aipatzen du diskurtsoetan denoi dagokigun erantzukizuna dela pertsona horien ongizatea eta elkartasunez jokatu beharra dagoela. Gaur ere hala egin du: “Giza Eskubideen eta Migrazioen ikuspegian bat gatoz. Migrazio horiek, kasu gehienetan, ez dira aukera libre baten ondorio, baizik eta gerrak, goseak, ingurumenaren degradazioak edo zuzenbide demokratikoa sistematikoki urratzeak eragindako desplazamenduen ondorio”.
Euskal Herrian errealitate hori ezagutzen dugula esan zuen, euskal herritar askok arrazoi ekonomiko, sozial edo politikoengatik emigratu behar izan dutelako. Harrera lurraldea ere bada. Esperientzia historiko horrek aukera ematen dio konpromiso hau partekatzeko: “Herri honetan eskubide, betebehar eta aukera berberak dituzte hemen bizi diren pertsona guztiek, berdin dio zein den haien kultura, jaioterria edo jatorria”. Hitzaldi osoa.
José María Guibertek gaineratu zuenez, Euskadiko giza eskubideen institutu bakarra izateaz gain, estatuko bigarrena da, UC3Mren giza eskubideen institutuaren ondoren (1993an sortua). Bi erakundeak, gerora sortu zen Valentziako Unibertsitatekoarekin batera, Estatuko erreferentziazko 3 zentroak dira, eta kontsulta ofizialak egiten dizkiete, Gobernua prestatzen ari den Giza Eskubideen Plana egiteko, esate baterako. Era berean, lankidetza, aholkularitza eta txosten ugari egin dira eta egiten dira Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, EAEko hainbat erakunderen (aldundiak eta udalak) edo Estatuaren (adibidez, Espainiako Gobernuaren egungo proiektua eta FEMP Tolerantziaren aldeko Udalerriak) politika publikoei egindako ekarpena ahaztu gabe.
Nazioartean, nabarmentzekoa da 20 urte baino gehiagoan indarrean egon dela Nazio Batuen Goi Komisarioarekin sinatutako akordioa, Latinoamerikako lider indigenentzako prestakuntza programa Deustun elkarrekin garatzeko. Horri esker, 100 buruzagi indigenak baino gehiagok prestakuntza espezializatua jaso dute. Deustuk giza eskubideei, bakeari edo adiskidetzeari buruz egin dituen argitalpen ugari ere ekarri zituen gogora. Zehazki, Cuadernos Deusto de Derechos Humanos bilduma, iaz FECYTen kalitate akademikoaren zigilua lortu zuena eta 100. alera iritsi berri dena.
Lan horri eta beste batzuei esker, Institutua nazioarteko erreferentziazko sareetako partaide izan da eta batzuk sortu ere egin ditu. Hor dugu, besteak beste, IMISCOE bikaintasun sarea, Europako migrazioei eta gizarteratzeari buruzkoa. Gainera, Deustu kide den UNIC Europako Unibertsitatearen jatorrietako bat da. Edo AHRI, the Association of Human Rights Institutes, (Nazioarteko Giza Eskubideen Institutuen Elkartea). Erakunde horrek Deustun egingo ditu, 2023ko irailaren 7tik 9ra bitartean, hurrengo batzarra eta konferentzia. Nazioarte mailan erreferentziakoa izango da ekitaldi akademiko hori eta giza eskubideen defendatzaileen egoera jorratuko du.
Jardueren zerrenda luzea da eta ezinbestekoa da denen laguntza izatea – erakundeena, gobernuena eta, oro har, gizartearena –, Deusturen erronka bideratzeko, hau da, “ezagutza sortu gizartea eraldatzeko eta justizia eta giza eskubideekiko errespetua oinarri hartuta egiteko”. Horrela eman zion amaiera hitzaldiari errektoreak.