DeustoBide, helduen prestakuntzako aisialdiko esperientzia, Donostiara iritsi da

«La Caixa» Fundazioaren laguntzaz, Kultura Aisia Unibertsitatean programako 3 ikastaro eskainiko dira Gipuzkoako hiriburuan

DeustoBide Donostia

2023ko urtarrilak 26

Arrupe Aretoa (Garibai kalea, 19) Donostia

DeustoBide - Herritartasun Eskola, Donostiara iritsi da. Pertsona guztientzako hezkuntza gune irekia da, pertsona horien adina, titulazioa eta aurretiko prestakuntza edozein dela ere. Prestakuntza eskaintzak gizarte mailako trukeak sustatu nahi ditu, sen kritikoa eta herritarren parte hartzea, bizikidetzako eredu solidarioa eraikitzeko. 

Ia 30 urteko ibilbidean, DeustoBidek helduen prestakuntza aisialdiko esperientzia gisa planteatzen du. Unibertsitatean ikasteko modu berri bat da, ikasleak historiara, artera edo musikara hurbiltzen dituena, programa “antolatu, malgu eta egonkor” batzuen bidez. Horietan, Joseba Doistua DeustuBideko zuzendariaren hitzetan, “ikasteko gogoa eta kulturarekiko kezka” besterik ez dira behar. 

Unibertsitate eskaintza hori Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan ematen eta, orain, beste urrats bat egin du, Donostiara ere iritsi baita. Lehen aldiz, eta etorkizunean ere jarraitzeko asmoz, hiru ikastaro eskainiko dira Gipuzkoan, otsailaren 13tik maiatzaren 5era, “La Caixa” Fundazioaren laguntzarekin. Matrikula online egin ahal izango da, urtarrilaren 25etik otsailaren 10era. 

Izen handiko, jakite askoko eta esperientzia luzeko irakasleek gidatuta, ikastaroen hasierako eskaintzak askotariko gaiak hartzen ditu. Alde batetik, Napoleon Bonaparteri eskainitako ikastaroa izango da. Lehen mailako pertsonaia historiko horren bidez, munduko historiaren eta, neurri batean, Donostiakoaren zati handi bat ezagutuko dugu. XVII. eta XVIII. mendeko margolari handiei buruzko ikastaro bat ere izango da. Hor ezagutuko ditugu Caravaggio, Rembrandt, Vermeer, Zurbaran eta Rubens, besteak beste. 

Azkenik, irudimenezko bidaia egingo dugu Europan zehar, Bach, Haendel, Mozart, Beethoven, Schubert, Chopin, Tchaikovsky, Debussy eta Ravelen musika doinuek lagunduta. Bidaia etxean bertan amaituko da, Usandizagaren doinuekin. Gipuzkoako musika ondarearen balioa eta musikarekiko maitasunaren arrazoiak miresteko aukera ere emango du programa horrek.

Proposamen berria hobeto ezagutzeko, Deustuko Unibertsitateak ikastaroen aurkezpen bat egingo du. Aurkezpenarekin batera, Carlos Aitor Yuste DeustoBideko irakasleak hasierako hitzaldia eskainiko du, Napoleonen Egiptoko kanpainaren inguruan. Ekitaldia urtarrilaren 25ean izango da, 17:00etan, Donostiako Arrupe Aretoan (Garibai kalea, 19). 

Informazio gehiago