2025eko azaroak 26
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak eta Telefonicak bien arteko lankidetza berritu dute eta konpainiak “Datuaren Ekonomia” Katedran duen partaidetza formalizatu dute. Espazio akademiko hori Deustuko Unibertsitatean dago, eta datuek gizartearentzat eta enpresarentzat duten balio estrategikoaren inguruko eztabaida, hausnarketa, ikerketa, prestakuntza eta zabalkunderako erreferente gisa jardungo du.
Katedrak datuen erabileraren esparru ekonomikoan sakonduko du –balioan, prezioan eta ekoizpen faktore gisa duen paperean– baita datuen jabetzari buruzko gai juridikoetan eta erabilera posibleetan. Erakundeen artean datuak partekatzeko esparruetan oinarritutako sarbide-estrategiak ere bultzatuko ditu, eta diseinu bidezko pribatutasun digitala sustatuko du, gardentasunari eta herritarren kontrolari arreta berezia eskainiz. Hori guztia Euskadin datuaren ekonomia garatzen lagunduko duten ildo estrategikoak definitzera eta aktibatzera bideratuko da, ezagutza akademikoa enpresa-ehunarekin eta administrazio publikoekin konektatzeko.
“Katedra berri honekin konpromiso partekatu bat berritzen dugu: ezagutza zorrotza eta baliagarria sortzea, eraldaketa digitalari lagunduko diona, bikaintasun akademikotik eta erantzukizun sozialetik abiatuta”, adierazi du Juan Jose Etxeberriak, Deustuko Unibertsitateko errektoreak. Bestalde, Euskadiko Telefonicako zuzendari Javier Benitok beste hau nabarmendu du: “Katedra berri honen sorrera sinatzeak indartu egiten du Euskadirekin eta Telefonica Katedren Sarearekin dugun konpromisoa, Estatuko unibertsitate-enpresa sare handiena baita, duela bi hamarkada baino gehiagotik berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia bultzatzen baitu. Datuaren ekonomia funtsezko palanka da lehiakortasunerako eta gizarte ongizaterako, eta espazio hori talentua prestatzeko, ikertzeko eta ezagutza partekatzeko erreferente bihurtzea nahi dugu, besteak beste, adimen artifizialean, zibersegurtasunean eta datuak partekatzeko ereduetan”.
Lankidetza hori Deustuko Unibertsitatearen ikerketa-fokuetako batean dago kokatuta, eraldaketa digitalean, eta datuaren ekonomia adimen artifiziala edo zibersegurtasuna lotzen dituen zeharkako ardatz gisa txertatzen da. Era berean, Katedra lerrokatuta dago Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Itsasargiekin. Itsasargi horiek herrialdeko lehentasun zientifikoak eta teknologikoak bideratzeko eta Euskadiren lehiakortasun ekonomikoa eta gizarte eragina aldi berean indartuko dituzten abangoardiako proiektuak bultzatzeko sortu dira.
Katedrak ikerketa aplikatuko jarduerak, ikasle eta profesionalentzako prestakuntza programak sortu eta azterlanak eta kasuak argitaratuko ditu; horrez gain, nazioko eta nazioarteko adituekin foro irekiak antolatuko ditu. Datuaren esparru ekonomiko, juridiko eta teknologikoan erreferentzia gune bihurtzea du helburu, berrikuntza eredu ireki, etiko eta inklusiboa sustatzeko.