2026ko uztailak 16
bti Human Technology
Eduardo Anitua Fundazioak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute medikuntza birsortzailearen eta terapia biologikoen esparruan prestakuntza aurreratua bultzatzeko. Hitzarmenak lankidetza esparru bat ezartzen du bi erakundeen artean, medikuntza birsortzailearen oinarri biologikoetan, ebidentzia zientifikoan eta aplikazio klinikoetan sakontzeko interesa duten osasun arloko profesional eta ikertzaileei zuzendutako irakaskuntza eta ikerketa jarduerak garatzeko.
Hitzarmen horren esparruan, Eduardo Anitua Fundazioak eta Deustuko Unibertsitateak Medikuntza Birsortzaileari Aplikatutako Terapia Biologikoetako Aditu Titulua jarriko dute abian, Osasun Zientzien arloko tituludunei zuzendutako unibertsitateko prestakuntza. Programak online prestakuntza eta saio presentzialak uztartuko ditu Gasteizko Eduardo Anitua Institutuan, eta terapia biologikoen aplikazioa jorratuko du ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgian, traumatologian, oftalmologian, dermatologian eta ugalketa medikuntzan.
Lankidetzak indartu egiten du bi erakundeek prestakuntza espezializatua, zorrotza eta aurrerapen zientifikoekin konektatua emateko duten konpromisoa, ehunen konponketa eta patologia desberdinei aurre egitea ulertzeko modua eraldatzen ari baitira.
Eduardo Anitua doktorearentzat, Eduardo Anitua Fundazioko presidentearentzat, “hitzarmen hau urrats garrantzitsua da ikerketa eta esperientzia klinikoan urteetan sortutako ezagutza prestakuntza eremura eramaten jarraitzeko. Medikuntza birsortzaileak profesional prestatuak behar ditu, ehunen konponketan esku hartzen duten prozesu biologikoak ulertzeko eta terapia horiek irizpide, segurtasun eta oinarri zientifikoarekin aplikatzeko gai direnak. Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeak aukera ematen digu helburu horretan aurrera egiteko, bikaintasuneko esparru akademikotik”.
Bestalde, Deustuko errektore Juan Jose Etxeberriak nabarmendu duenez, “aliantza honek indartu egiten du Unibertsitateak Osasun Zientzien arloaren alde egindako apustu irmoa, esparru horretan arazo zientifikoei eta sozialei ikuspegi holistiko eta oso batetik erantzun nahi baitiegu. Hitzarmen hau gure 'Elkarlanean mundu berri baten alde' leloaren adibide bizia da; izan ere, gure ustez, erreferentziazko eragileekiko lankidetza da gure herrialdearentzat emaitza hautemangarriak sortzeko motorra. Aditu titulu honekin, zorroztasun akademikoa eta abangoardia klinikoa batzen ditugu, berrikuntza medikuntza birsortzailean guztion ongiaren eta pertsonen duintasunaren zerbitzura jarriko duten profesionalak prestatzeko”.
Akordio horrekin, Eduardo Anitua Fundazioak eta Deustuko Unibertsitateak aliantza bat sinatu dute ezagutzaren transferentzia, profesionalen prestakuntza eta gaitasun berrien garapena sustatzeko, egungo medikuntzan gero eta garrantzi handiagoa duen arlo batean.