2025eko abenduak 22
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak eta Administrazioaren Garapenerako Latinoamerikako Zentroak (CLAD), 24 herrialde biltzen dituen nazioarteko erakunde publikoak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Latinoamerikan ikerketa eta jakintzaren transferentzia elkarrekin bultzatzeko. Aliantza honen helburu nagusia demokrazia indartzea eta eskualdeko sistema politiko eta instituzionalak hobetzea da.
Hitzarmena Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Demokraziari, Erakunde Publikoei eta Politikaren Berrikuntzari buruzko Unibertsitate Masterraren esparruan bultzatu da, eta lankidetza-esparru bat ezartzen du funtsezko arloetan, hala nola demokrazian, kudeaketan eta politika publikoetan, eta garapen jasangarrian. Horretarako, baterako ekintzak sustatuko dira arlo hauetan: profesionalen prestakuntzan eta gaikuntzan; ikertzaileei eta ikasleei laguntza ematean; ikerketa-proiektuak garatzean; aholkularitza eta kontsultoretza-proiektuak diseinatzean eta gauzatzean; eta jarduera akademikoak antolatzean (ikastaroak, hitzaldiak, sinposioak edo mintegiak).
Gainera, hitzarmenaren helburuetako bat Latinoamerikarekin loturak estutzea da. Horretarako, CLADi lotutako profesionalek Demokraziari, Erakunde Publikoei eta Politikaren Berrikuntzari buruzko Unibertsitate Masterreko saio eta mintegietan aktiboki parte hartzea erraztuko da.
Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberriak eta CLADeko idazkari nagusi Conrado Ramosek sinatu dute akordioa. Ekitaldian Ane Ferrán Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoak, Martin Zuñiga Demokraziari, Erakunde Publikoei eta Politikaren Berrikuntzari buruzko Unibertsitate Masterreko zuzendariak eta Sonia Alonso Deustuko Unibertsitateko Demokraziako Ikerketa Guneko arduradunak ere parte hartu zuten.
CLAD gobernuen arteko erakundea da, eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak gomendatuta sortu zen. Bere eginkizun nagusia estatuen eta administrazio publikoen modernizazioa eta hobekuntza da, nazioarteko lankidetza-programen bidez eta Latinoamerika, Iberiar Penintsula, Angola eta Ekuatore Gineako herrialdeak biltzen ditu.