Deustuko Unibertsitateak eta BBVAk unibertsitateko ikerketa eta transferentzia bultzatzeko hitzarmena berritu dute

Bi erakundeek unibertsitateko prestakuntzari babesa sendotzea adostu dute. Horretarako beketarako funts garrantzitsua egongo da eta DeustoForum eta Deusto Cities Lab Katedra bultzatuko dira.

Marta Alonso eta Juan José Etxeberria

2025eko uztailak 22

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta BBVAk lankidetza hitzarmena berritu dute aurten ere: mundu digitalaren etika arloko proiektuak eta bake ikerketak bultzatuko dira, baita giza eta gizarte zientzien arloko graduko ikasleentzako bekak eta doktoregoko ikertzaileentzat ere. Marta Alonso BBVAko Iparraldeko Lurralde zuzendariak eta Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak sinatutako hitzarmen horrek bi erakundeek ikerketa sustatzeko eta balio erantsi handiko jakintzaren transferentzia gizartera egiteko konpromisoa berresten du, baita graduko ikasleen unibertsitateko prestakuntzakoa ere.

Marta Alonsoren hitzetan, “hezkuntza, ikerketa eta jakintza partekatzea lehentasun eztabaidaezinak izan dira beti guretzat. BBVAk, Deustuko Unibertsitatearen eskutik, prestakuntza-aukerak eta ikerketa akademikoa bultzatu nahi ditu aurten ere”. Deustuko Unibertsitateko errektore Juan José Etxeberriak azpimarratu zuen unibertsitateak BBVA bezalako erakundeekin gure misioa partekatzen jarraitu beharra, “pertsonen ongizatearen zerbitzura egiten dugun lanean gizarte solidarioago, garatuago eta herritar guztien garapenarekin konprometituagoa den eginkizuna betetzen jarraitu ahal izateko”.

Lankidetzaren barruan, halaber, azken urteotan hasitako lanarekin jarraituko da. DeustoForumek ezagutza zabaltzeko antolatutako jardueretara bideratutako partida bat egongo da, Unibertsitatea egungo eztabaiden nazioarteko topaleku gisa kokatzeko, gizarte eta politika agendaren barruko gai eta eztabaidetan. Era berean, zuzkidura horrek Deustuko Unibertsitatearen barruan eta kanpoan lankidetza zientifikoak indartzeko balioko du, bai eta ikerketako eta transferentziako nazioarteko unibertsitate-sareetan parte hartzeko ere.

Hitzarmen horren barruan, BBVAk Deusto Cities Lab katedrari ematen dion laguntza indartu egin da. Katedrak herritarren partaidetzarako, erakunde publikoen aholkularitzarako eta herritarrek eta administrazioak zuzenean aprobetxa ditzaketen materialen ekoizpenerako eta hausnarketarako proiektuak garatzen jarraituko du.