Deustuko Unibertsitateak eta BBVAk ikerketa eta transferentzia bultzatzeko konpromisoa berritu dute

Bi erakundeek unibertsitateko prestakuntzari babesa sendotzea adostu dute. Horretarako beketarako funts garrantzitsua egongo da eta DeustoForum, Deusto Cities Lab Katedra eta lanbideko etikako prestakuntza bultzatuko dira.

 

Juan José Etxeberria eta Marta Alonso

2024ko uztailak 23

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta BBVAk lankidetza hitzarmena berritu dute: mundu digitaleko etika arloko proiektuak bultzatuko dira eta giza eta gizarte zientzien arloko graduko ikasketetako ikasleentzako beken zuzkidura garrantzitsua izango da, baita prestatzen ari diren ikertzaileentzat ere. Marta Alonso BBVAko Iparraldeko Lurralde zuzendariak eta Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak sinatutako hitzarmen horrek bi erakundeek gizartera jakintzaren transferentzia egiteko konpromisoa berresten du.

Marta Alonsoren ustez, “hezkuntza, ikerketa eta jakintza partekatzea lehentasun eztabaidaezinak izan dira beti guretzat. BBVAk, Deustuko Unibertsitatearen eskutik, prestakuntza-aukerak eta ikerketa akademikoa bultzatu nahi ditu aurten ere ”. Deustuko Unibertsitateko errektore Juan José Etxeberriak azpimarratu zuen unibertsitateak BBVA bezalako erakundeekin gure misioa partekatzen jarraitu beharra, “pertsonen ongizatearen zerbitzura egiten dugun lanean gizarte solidarioago, garatuago eta herritar guztien garapenarekin konprometituagoa den eginkizuna betetzen jarraitu ahal izateko”.

Lankidetzaren barruan, halaber, azken urteotan hasitako lanarekin jarraituko da. DeustoForumek ezagutza zabaltzeko antolatutako jardueretara bideratutako partida bat egongo da, Unibertsitatea egungo eztabaiden nazioarteko topaleku gisa kokatzeko. Era berean, jasotzen den finantzazioari esker, jakintza sortzea eta transferitzea sustatuko du, lankidetza prozesuak eratuko dira Deustuko Unibertsitatearen barruan eta kanpoan, eta ikerketako nazioarteko unibertsitateen sareetan parte hartuko da.

Hitzarmen horren esparruan, BBVAk Deusto Cities Lab katedrari ematen dion laguntza berritu da. Katedrak herritarren partaidetzarako, erakunde publikoen aholkularitzarako eta herritarrek eta administrazioak zuzenean aprobetxa ditzaketen materialen ekoizpenerako eta hausnarketarako proiektuak garatzen jarraituko du.