2025eko irailak 22
Bilboko Campusa
Bakearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Deustuko Unibertsitatea izango da Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroen I. Topaketa Iberoamerikarraren egoitza. Irailaren 22an izango da, formatu hibridoan, eta UNESCOko, Iberoamerikako Estatuen Erakundeko (OEI), Iberoamerikako UNESCO katedretako eta Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroetako ordezkariak bilduko dira.
Topaketaren helburua da Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) 4.7 helmuga bultzatzea da, ikasleek garapen jasangarria eta munduko herritartasuna sustatzeko ezagutzak eta trebetasunak eskuratzen dituztela bermatzeko. UN Etxeak, UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Elkarteak, eta Deustuko Unibertsitateko Latinoamerikarako UNESCO Katedrak antolatu dute, EAEko eta Nafarroako Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroaren ordezkari gisa. Ekitaldia Factoría 4.7 – Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Plataforma Iberoamerikarreko proiektuaren parte da.
UNU-IASek (United Nations University) mundu osoan 190 Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentro baino gehiago aitortu dituen arren, 14 baino ez daude Iberoamerikan. Testuinguru horretan, lehen topaketaren helburua da Iberoamerikako sarea indartzea, jardunbide egokiak partekatzea eta bizitza-estilo jasangarriak, giza eskubideak, genero-berdintasuna, bakearen eta indarkeriarik ezaren kultura, munduko herritartasuna eta kultura-aniztasuna sustatzen dituzten ekimenak ikusaraztea.
Iberoamerikako Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroetako ordezkariei, akademikoei, arduradun instituzionalei, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako profesionalei, UNESCO Katedretakoei, GKEei, sektore pribatuari eta komunikabideei zuzenduta dagoen goi-bileraren helburua Iberoamerikako hezkuntza-komunitatea 4.7 helmugaren inguruan mobilizatzea da. Jardunaldi hau urriaren 21etik 23ra Okayaman (Japonia) egingo den Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroen 14. Munduko Konferentziaren atarikotzat jotzen da.
Programa Churruca aretoan egingo da, 15:00etatik 18:45era bitartean. Deustuko Unibertsitateko eta UN Etxea-ko ordezkariek ongietorria egingo diete. Ondoren, UNESCOk eta Iberoamerikako Estatuen Erakundeak irekiera instituzionala egingo dute. Saioan Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroek Iberoamerikako Garapen Jasangarrirako Hezkuntzan duten zereginari buruzko panelak eta Garapen Jasangarrirako Hezkuntzako Eskualdeko Zentroen proiektuen aurkezpenak egongo dira, baita eskualdeen arteko sinergiak sustatzeko solasaldi irekia ere.
Topaketa hasi aurretik, 14:45ean, Deusto Campusek eta Deustuko Unibertsitateko UNESCO Katedrak antolatutako "Memorian eta bakean hezi" erakusketa inauguratuko da. Erakusketa entzungelaren ondoko klaustroan egongo da zabalik urriaren 3ra arte. Daniel Filmus, Silvia Alderoqui eta Iñaki Hernaiz hezitzaileek egindako "Memorian hezi etorkizuna eraikitzeko" erakusketaren egokitzapena da. Erakusketak gogoeta pedagogiko bat proposatzen du memoriatik abiatuta bakearen kultura eraikitzeari buruz. Inaugurazioan Nazioarteko Harremanetako eta Ikerketako errektoreorde Javier Arellanok parte hartuko du.