2026ko apirilak 16
Bilbao
Deustuko Unibertsitatea Zuzenbide Fakultateen Europako Elkartearen (European Law Faculties Association - ELFA) Urteko Konferentziaren eta Batzar Nagusiaren egoitza izan zen apirilaren 16an eta 17an. Nazioarteko topaketa horretan 150 Zuzenbide Fakultate baino gehiagotako ordezkariak bildu ziren, teknologia etorkizuneko legelarien prestakuntza nola aldatzen ari den aztertzeko.
Goi-mailako bilera hori Bilboko campusean egiteak garrantzi berezia du aurten, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatea baita ELFAren buru 2025-2026ko ekitaldian. Fakultatea 2014-2015 ikasturtean sartu zen sare akademiko horretan eta, harrezkero, konpromiso aktiboa izan du bikaintasuneko eta unibertsitateen arteko lankidetzako helburuekin.
Adimen Artifiziala eta Legeen irakaskuntza
“Artificial Intelligence and Legal Education: Exploring the impact of AI on legal education and professions” izenburua izan zuen aurtengo topaketak eta ikaskuntza juridikoa, unibertsitate arteko itunak, hezkuntzaren berrikuntza eta lankidetza akademikoa izan zituen aztergai. Inaugurazioko hitzaldian, Ricardo Devis AA sortzailean adituak adierazi zuen teknologia hori ez dela lehiakidea, zalantzaren arkitekto hobeak izatera behartzen gaituen aliatua baizik. Haren ustez, legeen ikaskuntzaren erronka da teknologia zorroztasun juridikoarekin lan egitera behartzen duten galdera zehatzak aukeratzen jakitea.
Jardunaldian izan zen Deustuko Unibertsitateko AAko Batzordeko ordezkaritza ere, erakundeak halako tresnen erabilera etiko eta arduratsuaren berariazko prestakuntzaren alde egin duen apustuarekin lerrokaturik. Aditu nagusienen artean nazioarteko lider akademikoak izan ziren: María Teresa Rodríguez de las Heras Ballell, European Law Instituteko presidentea; Leo P. Martínez, dekanoa eta Albert Abramson katedrako irakasle emeritua UC Law San Franciscon; eta Alexandre Pacheco da Silva, Brasilgo São Pauloko Zuzenbide Eskolako Zuzenbideko irakaslea (FGV Direito SP) eta Berrikuntzako Irakaskuntza eta Ikerketako Zentroko arduraduna (CEPI/CERI). Horiekin batera egon ziren Fédération des Barreaux d 'Europe (FBE) erakundeko ordezkariak ere. Eta ezin ditugu ahaztu Deustuko Unibertsitateko agintariak: Juan José Etxeberria errektorea edo Gema Tomás Zuzenbideko irakaslea eta ELFAko gaur egungo presidentea.
Errektorea arduratu zen Konferentzia aurkezteaz. Etxeberriaren ustez, Adimen Artifizialaren aurrean hezkuntza juridikoaren etorkizuna ez da modu isolatuan landu behar, baizik eta hausnarketa partekatu eta komunitariotik. Umiltasun eta erantzukizun printzipioak oinarri direla, teknologiak beti pertsonaren zerbitzura egon behar duela gogorarazi zuen, eta ez alderantziz.
Tresnen erabilera teknikoa irakasteaz gain, adierazi zuen unibertsitatearen funtsezko egitekoa dela arrazoiketa kritiko eta etiko sendoa duten profesionalak prestatzea, AAren erabilerak justiziari benetan balio dion bereizteko eta sistema horietan alborapenak edo opakutasuna izateko arriskuak detektatzeko gai direnak. Errektorearen ustez, legelariaren zeregina da giza zentzua agintean mantentzea, teknologia jakintzaren eta ekitatearen aliatu bihurtzeko. Hitzaldi osoa.
Doktorego tesirik onena
Bikaintasuneko ikerketaren aitorpen gisa, ELFAk Europako Zuzenbideko doktorego tesi onenaren urteko saria eman zuen konferentziaren barruan. David Garciandia Imaz nafar ikertzaile eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) tituludunak irabazi zuen saria, Oxfordeko Unibertsitatean defendatutako lanagatik. Garciandiaren tesiak sakon aztertzen du Europar Batasunak Txinan giza eskubideen babesean duen eragina.
Sari horrek sinbolizatzen du ELFAk erronka globalei heltzeko gai diren ikertzaileak prestatzeko duen konpromisoa, eta Zuzenbidea gero eta konplexuagoa eta interkonektatuagoa den mundu honetan eraldaketa eta analisi etikorako tresna gisa erabiltzen duen ikerketa nabarmentzen du.