Boluntariotzako hainbat erakundek ikasleei beren proiektuak azalduko dizkiete

Feria de las organizaciones SS

2022ko irailak 20

Donostiako Campusa

Irailaren 20an “Erakundeen Azoka” izango da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Foro Aretoan, 14:30ean. Ekitaldi honen helburua da gizarte erakundeek dituzten proiektuak ezagutzera ematea eta interesatuei, ikasleak izan ala ez, boluntario gisa haietan parte hartzeko aukeren berri ematea. Hainbat erakundetako arduradunak izango dira campusean: Mugarik gabeko Ekonomialariak, Ortzadar, Atzegi, Hazi eta Ikasi, ASPACE, Minbiziaren aurkako Elkartea, Bizikletan adinik ez, Loiolaetxea, SOS Arrazakeria, Ume alaia, Goyeneche Fundazioa, Caritas, Nagusilan, Jesuitak ikastetxea, Secretariado Gitano Fundazioa eta Mestiza.

Informazioa jaso eta zalantzak argitu ondoren, irailaren 21etik aurrera interesatuek hiru erakunde hautatu ahal izango dituzte, lehentasunak zehaztuz, norberaren interesen arabera. Ondoren, urriko lehen asteetan, boluntarioek erakundea ezagutuko dute, baita boluntariotzako esperientzia honetan ondoan izango dituzten erabiltzaileak ere. Boluntariotzako esperientzia honetarako, ALBOANek hainbat prestakuntza jarduera prestatu ditu, boluntarioek tresna baliagarriak izan ditzaten esperientzia hau ahalik eta positiboena eta egokiena izan dadin. Prestakuntza lau saiotan antolatuko da, gai hauek lantzeko: boluntarioaren rolaren inguruko gogoeta, gizarte inklusioa, esperientziaren jarraipena, ondorioak eta ebaluazioa. Azken memoriak boluntario bakoitzak bizi izan duen esperientzia, motibazioa, gogoetak, gomendioak eta azken ondorioak jasoko ditu.

Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko ikasleek, irakasleek, ikertzaileek eta zerbitzuetako langileek aukera dute esperientzia kooperatibo bat bizitzeko, ikasturtean zehar, Gipuzkoako gizarte erakunde horietan. Inklusioaren alde lan egiteak eta bestelako beharrizan batzuk dituzten pertsonak ezagutzeak gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen digu. Gizarte hobea eraikitzeko lan egiten duten gizarte erakundeen eta erakunde horietako erabiltzaileen beharrei erantzuteko modu bat da boluntariotza.

“Pertsona txiki askok, toki txiki askotan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete”. Eduardo Galeano.


Eguna: 2022ko irailaren 20a, asteartea
Ordua: 14:30etik 17:00etara
Tokia: Foro Aretoa, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa.

Erakunde parte hartzaileen eta jardunaldiaren inguruko informazio gehiago