2025eko urriak 27
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak urriaren 25ean, larunbata, Garate Anaiaren omenezko Eztabaida Akademikoko XXV. Ligaren finala ospatu zuen Gernikako Batzar Etxean, elkarrizketa, bizikidetza eta balio demokratikoak sinbolizatzen dituen gune enblematikoan. Leku hori aukeratzea ez zen kasualitatea izan; Ligaren 25 urteko ibilbidea ospatzen zen eta, beraz, ospakizuna kokatzeko eta lehiaketak sustatzen dituen printzipioak, hau da, pentsamendu kritikoa, argudioa eta herritartasuna hitzaren eta eztabaidaren bidez islatzeko agertoki bat bilatu zen.
Sei unibertsitatetako — Deustuko Unibertsitatea, Comillas Unibertsitate Pontifikala, ESADE, Balear Uharteetako Unibertsitatea, CEU Cardenal Herrera eta Santiagoko San Agustin Ikastetxe Nagusia — ehun ikasle inguruk hiru egunez eztabaidatu zuten galdera honi buruz: “Genozidioa dira Israelgo Estatuak Palestinan 2023ko urriaren 7tik aurrera egindako ekintzak?” Gaiak aukera eman zien parte-hartzaileei nazioarteko gatazka konplexu bat aztertzeko, arreta berezia jarriz Gazako egoera humanitarioan. Ikuspegi eta dimentsio etiko eta humanitario desberdinak kontuan hartu zituzten, giza eskubideei, erantzukizunari eta justizia globalari buruzko hausnarketa sustatuz. Hausnarketa horretan laguntzeko, ikasleak bi hitzaldi presentzialen ekarpenez aberastu ahal izan ziren. Ostiraleko jardunaldian arlo horretako bi adituren hitzaldiak entzun zituzten: Alberto Spektorowski politologo uruguaiar-israeldarrarena eta Imad Alsoos ikertzaile palestinarrarena.
Sailkapeneko bost txandaren ondoren, bi talde iritsi ziren Gernikako finalera, analisi eta argudiaketa maila altua erakutsi zutelarik. Deusto 1 taldea, EAZ eta Zuzenbideko Lorea Alonso, Jon Rodríguez, Naroa de Pedro, Lucas Gonzalo eta Haizene Gangoiti ikasleek osatua, izan zen azkenean garaile. Bigarren sailkatua ESADE taldea izan zen, Lucía Domínguez, Xabier Ciriza, Xiomara Martín eta Valentín Cáceres-ek osatua, eta Antonio Platero Comesaña Santiagoko Ikastetxe Nagusiko San Agustín taldeko kapitainari "Oratoria onenaren saria" eman zitzaion.
"Eztabaida, herritartasun eta etika eskola
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak ongietorri instituzionala eskaini zuen, eta nabarmendu zuen “horrelako espazioak funtsezkoak direla hitz egiteko, entzuteko eta errespetuan eta lankidetzan oinarritutako irtenbideak eraikitzeko gai diren herritarrak prestatzeko”.
Juan Jose Etxeberria errektoreak, bestalde, hitzaldian azpimarratu zuenez, unibertsitateko eztabaida ez datza soilik argudioak irabaztean, baizik eta arrazoia erabiltzean errukia galdu gabe eta egia bilatzean bestea deshumanizatu gabe. “Deustuko Unibertsitatean uste dugu eztabaida ez dela oratoria lehiaketa bat, herritartasun eskola bat baizik. Zorroztasunez pentsatzen, enpatiaz entzuten eta egiarekin eta justiziarekin konprometitzen irakasten digu. Gaur, eztabaidan ari zaretenok, hitzak indarkeriaren aurrean, elkarrizketak inposaketaren aurrean eta entzuteak axolagabekeriaren aurrean duen balioa hartzen duzue gogoan. Polarizazio garaian, komunitatea errespetutik abiatuta eraikitzeko modu bat da eztabaida”, adierazi zuen.
Gainera, Etxeberriak esperientzia hori Unibertsitatearen eta Jesusen Lagundiaren misioarekin lotu zuen, aurten 32. Kongregazio Orokorraren 4. dekretuaren 50. urteurrena ospatzen den honetan: “Fedea eta justizia, hitza eta ekintza, pentsamendua eta konpromisoa: hori guztia unibertsitateko gazteek mundua eraldatzeko solasean ikasten duten gune honetan dago”.
Jardunaldia amaitzeko, taldeko argazkia atera zuten Gernikako Arbolaren aurrean, bakearen, elkarrizketaren eta bizikidetzaren sinboloaren aurrean. Deustuko Unibertsitateak prestakuntza osoarekin, adiskidetzearekin, justiziarekin eta herritartasun kritiko eta konprometituaren eraikuntzarekin duen konpromisoa berresten duen edizioa itxi zuen.