Deustuko Unibertsitateak baso-ekosistemetako, ingurumen gobernantzako eta justizia sozio-ekologikoko abangoardiako ikertzaileak bilduko ditu FLARE nazioarteko sarearen 12. urteko bileran

Unibertsitatea anfitrioia eta laguntzailea izango da Notre Dameko Unibertsitateak (AEB) urriaren 21etik 24ra antolatuko duen topaketa honetan

Paisaje con árboles de troncos muy llamativos y especiales que salen del agua y pertenece a la selva amazónica de Brasil.

2026ko urriak 19

Bilbao

Deustuko Unibertsitatea, Estatu Batuetako Notre Dame Unibertsitatearekin batera, FLARE (Forests & Livelihoods: Assessment, Research, and Expansion) nazioarteko sarearen 12. urteroko bileraren anfitrioia eta antolaketako kidea izango da. Goi-bilera horrek baso-ekosistemen eta planeta osoko milioika pertsonaren sostenguaren arteko interakzioa aztertzen duten abangoardiako ikertzaile, akademiko eta gizarte eragileak elkartuko ditu, urriaren 21etik 24ra.

Azken edizioak Liman (Peru), Erroman (Italia) eta Nairobin (Kenya) egin ondoren, ibiltaritza globaleko ekitaldi honek Bilbo eta Deustuko Unibertsitatea kokatu ditu ingurumen-gobernantzari, basoen kontserbazioari, ongizate komunitarioari eta justizia sozio-ekologikoari buruzko nazioarteko eztabaidaren erdigunean.

Itxaropenerako eta elkartasunerako basoak
‘Forests as Spaces of Hope and Solidarity’ (‘Basoak itxaropen eta elkartasun espazio gisa’) lelopean, kongresuak naturaren kontserbazioa eta landa-komunitateak eta tokiko komunitateak mehatxatzen dituzten erronka garaikide handiak gogoan hartuko ditu: klima-aldaketa, basoak soiltzea, desberdintasun ekonomikoak eta baliabideen gobernantza, besteak beste.

Zalantzazko testuinguru global honetan, FLARE 2026k ekintza kolektiboan, ikerketa zorrotzean eta aliantza solidarioetan jartzen du arreta biodibertsitatea babesteko eta giza ongizatea bermatzeko gai diren eredu jasangarriak eraikitzeko tresna gisa.

Mahai-inguru bat ikertzaileekin, aktibistekin eta adituekin
Programa urriaren 21ean hasiko da, Hasierako Osoko Bilkurarekin. Nazioarteko mahai-inguru bat izango da, Edurne Iñigo Alday Deustuko Unibertsitateko irakasleak moderatua. Mahai-inguru horretan, hainbat kontinente eta diziplinatako parte-hartzaileek basogintzaren kudeaketan itxaropenak eta lankidetzak dituzten dimentsio ugariei buruz eztabaidatuko dute. 

Eztabaidan pertsona hauek arituko dira: 
Cécile Ndjebet, Camerun Ecology-ren sortzaileetako bat eta African Women's Network for Community Management of Forests (REFACOF) erakundearen presidentea, emakumeek Afrikan lurraren eta baso-kudeaketaren gainean dituzten eskubideetan aditua den ikertzaile eta aktibista ezaguna, Wangari Maathai Forest Champion Award saria jaso duena 
Victoria Reyes-García, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ICTA Institut de Ciència i Tecnologia Ambientals erakundeko ICREA ikerketa-irakaslea, izen handiko antropologo eta ekologoa da, indigenen eta bertako ezagutza-sistemetan, klima-aldaketan aditua eta AEBko Zientzien Akademia Nazionaleko kidea.
Estefanía Liehr, Baso Politiketako aholkularia International Forests Unit-en (Foreign, Commonwealth & Development Office, FCDO, Erresuma Batua). Baso Politiketako aholkularia, aditua da ingurumen-diplomazian, klimaren finantzaketan eta basoen kontserbazioan, zero baso-soiltzeko eta garapen jasangarrirako nazioarteko politika publikoetan, gobernuaren eta erakundeen esparrutik.
Preeyaphat Chaiklang, doktoregoko ikertzailea da Dresden University of Technology-n eta Nazio Batuen Unibertsitateko UNU-FLORES Institutuan, eta espezialista da ur baliabideen, lurzoruaren eta basoen kudeaketa jasangarriaren arteko lotura ikertzen eta ingurumen jasangarritasunari buruzko ikuspegi berritua ematen dio.

Felipe Borman, Sobrevida Cofán Fundazioko zuzendari exekutiboa, liderra eta defendatzailea da Ekuadorko Amazoniako indigenen kontserbazio komunitarioan. Bere lana baso tropikalen lurralde-babesean, biodibertsitatean eta Cofán herri indigenaren autodeterminazioan eta biziraupen kulturalean oinarritzen da.
Hitzaldi nagusia, urriaren 22an, Eduardo Brondizio ikertzaileak emango du. Eduardo Brondizio antropologiako katedraduna da Indianako Unibertsitatean (AEB), eta Amazoniako eraldaketa sozio-ingurumenekoetan eta gobernantzan munduko aditurik gorenetako bat da. Ospe handiko zenbait sari ditu. Brondiziok giza zientzien, ekologiaren eta indigenen ezagutzaren arteko interakzioari buruzko ikuspegi berritzailea emango du.

Jasangarritasunaren aldeko konpromiso partekatua
Nazioarteko ekitaldi horren ospakizuna Deustuko Unibertsitatearen 140. urteurrenaren eta erakundeak eragin soziala duen ikerketarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da. Notre Dame Unibertsitatearekiko lankidetzak, gainera, berretsi egiten du unibertsitateen arteko aliantzek garrantzi handia dutela ingurumenaren krisi globalei ezagutzaren eta transferentzia sozialaren bidez erantzuteko.
 
FLARE (Forests & Livelihoods: Assessment, Research, and Expansion) ikerketa eta ekintzako sare global bat da, basoen eta giza populazioen bizibideen arteko harremanei buruzko ulermenean eta jakintzan aurrera egiten diharduena. Helburua da ebidentzia kuantitatiboak eta kualitatiboak ematea, baso-politika inklusiboak, bidezkoak eta jasangarriak babesteko. Sareko idazkaritza Notre Dameko Unibertsitateko (AEB) Keough School of Global Affairs delakoan dago. 
 

Foto de Photo by Jean Gc para Pexels.