Deustuko Unibertsitateak 2027-2028 ikasturterako graduko eta graduondoko titulazio berriak aurkeztuko ditu urriaren 31n hasiko diren informazio saioetan

Berrikuntzen artean, hainbat gradu bikoitz nabarmentzen dira: Kriminologiarekin lotutakoak, Lehen Hezkuntza + Gizarte Hezkuntza eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala.

Sesiones informativas

2026ko urriak 20

Bilbao Donostia-San Sebastián

Deustuko Unibertsitateak laster hasiko ditu informazio saioak 2027-28 ikasturteari begira gradu, gradu bikoitz eta graduondokoen eskaintza akademikoa ezagutarazteko. Urriaren 31tik azaroaren 23ra, graduko prestakuntza eskaintzan interesa dutenek aukera izango dute irakasleekin eta ikasleekin antolatutako topaketetan parte hartzeko -aurrez aurre, online edo modu hibridoan-, hainbat alderdiren inguruko zalantzak argitzeko: ikasketa planak, onarpen prozesua, laneko praktikak, nazioarteko mugikortasun programak eta unibertsitateko bizitza. Dagoeneko izena eman daiteke saioetan, helbide honetan: deusto.eus/sesiones

Datorren ikasturterako berrikuntza akademiko nagusien artean, Kriminologia eta beste jakintza arlo batzuk uztartzen dituzten gradu bikoitzak daude, Bilboko campusean: Zuzenbidea + Kriminologia, Gizarte Lana + Kriminologia eta Psikologia + Kriminologia. Lehen Hezkuntzako eta Gizarte Hezkuntzako gradu bikoitza ere eskainiko da lehen aldiz. Zuzenbidearen, jokabidearen eta gizartean esku hartzearen esparruak kriminologiarekin integratzeak ikasleei justizia, prebentzioa eta zaurgarritasuna askotariko ikuspegietatik lantzeko gaitasun analitiko sakona emango die. Bestalde, Lehen Hezkuntza eta Gizarte Hezkuntza elkartzeak irakaskuntzako lana aberasten du, ikasgelan irakasteko gai diren profesionalez gainera, komunitatean inklusio, bitartekotza eta gizarte eta hezkuntza bidelaguntzako ekintzak bideratzeko gai diren pertsonak prestatuko baititu.

Donostiako campusean, berrikuntza nagusia Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko gradu bikoitza da. Titulazio bikoitz honek enpresaren ikuspegi globala eta adimen artifizialaren eta datuen analisi aurreratuaren inguruko gaikuntza teknikoa batzen ditu. Horrela, profil profesional hibridoak sortzen ditu, ebidentzia analitikoan oinarrituta zuzendaritzako erabakiak hartzeko prozesua optimizatzeko eta erakundeetan berrikuntza teknologikoa irizpide etikoarekin eta erantzukizunarekin gidatzeko gai izango direnak.

Egungo erronketarako espezializazioa

Era berean, azaroaren 17an graduondokoen eskaintzari buruzko informazio saioak hasiko dira, online formatuan. Unibertsitateak arlo hauetako master eta espezializazio programa ugariei buruzko informazio zehatza emango du: Hezkuntza eta Kirola, Osasuna, Zuzenbidea, Enpresa, Ingeniaritza, Gizarte eta Politika Zientziak eta Nazioarteko Harremanak.

Berrikuntza nabarmenen artean daude Osasunerako eta Ongizaterako Ariketa Fisikoko Unibertsitate Masterra (Hezkuntza eta Kirol Fakultatea), Intralogistika Aurreratuko Unibertsitate Masterra (Ingeniaritza Fakultatea) eta Migrazioetako eta Ekintza Humanitarioko Unibertsitate Masterra (Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea). Horiekin batera, Zuzenbide Fakultateak, Abokatutzako eta Prokuradoretzako Unibertsitate Masterra eskainiko du lehenengoz Donostiako campusean, baita modalitate birtualean ere. Graduondoko informazio saioetan izena eman daiteke, helbide honetan: deusto.eus/sesionesmaster