2026ko otsailak 28
Donostia-San Sebastián Bilbao
Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan aurkeztu zuten otsailaren 27an FIRST LEGO League Euskadiren 17. edizioa, Donostiako egoitzari dagokionez. Aurtengo edizioak parte hartze errekorra lortu du, eta, berriro ere, bokazio zientifiko-teknologikoak inspiratzeko elkarlan publiko-pribatuaren erakusle da. Lehiaketa bost egoitzatan egingo da, aldi berean, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen. Deustuko Unibertsitatea FLL Euskadi Bilbao-Deustoren eta FLL Euskadi Donostiaren egoitza da.
FIRST LEGO League Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bultzatutako hezkuntza programa da, 6 eta 16 urte arteko ikasleen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa bultzatzeko. 43 euskal unitateren babesarekin antolatzen da, horien artean daude unibertsitateak, zentro teknologikoak, museoak eta erakundeak. Deustuko Unibertsitatea FIRST LEGO League Euskadiren finalaren antolatzaileetako bat da, hirugarren urtez, Donostiako egoitzan (Bilbon ere bada, 2020az geroztik), eta Donostia Sustapenaren lekukoa hartu du. Izan ere, erakunde horrek ekarri zuen lehiaketa hirira, lau ediziotan antolatu zuen eta oraindik ere haren babesle nagusia da. Donostia Sustapenarekin batera, Donostiako egoitzako babesle dira Multiverse Computing eta Salto Wecosystem; eta laguntzaile, berriz, Doplay, Alzola, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Ausolan.
Honakoek hartu zuten parte gaurko aurkezpen ekitaldian: Ane Oyarbide, Donostiako Udaleko bigarren alkateordea eta Berdintasun, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia; Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzailea; Maria Estibaliz Loyo, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko idazkariordea; Jon Ojanguren, Event Manager First Lego League; Villabonako Fleming Herri Eskolako ikasleak.
Jon Ojanguren Event Manager First Lego Leagueren hitzetan: “FIRST LEGO League programa bat baino askoz gehiago da: haurrak eta gazteak teknologiaren ahalmen eraldatzaileaz eta talde lanaren balioaz jabetzeko gune bat da. FLL EUSKADI Donostiak talentuaren, sormenaren eta berrikuntzaren topagune bihurtzen du Deustuko Unibertsitatearen campusa. Bereziki pozgarria da ikustea neskek gero eta protagonismo handiagoa dutela STEM bokazioetan, eta hori funtsezkoa da teknologia anitzagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko. Deustuko Unibertsitatearen Ingeniaritza Fakultatean, Donostiako campusean, etorkizuneko eraldaketa digitala, soziala eta etikoa gidatuko dutenen prestakuntzarekin dugun konpromisoa berresten dugu. Horretarako, FIRST LEGO League eta beste momentu eta esperientzia batzuk eskaintzen ditugu etapa goiztiarretan, eta STEM ibilbidea sendotzen laguntzen dugu, besteak beste Informatikako Ingeniaritzako eta Datuen Zientzia eta Adimen Artifizialeko graduak eta gradu bikoitzak eskainiz".
Bestalde, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azpimarratu zuenez, “Donostia erreferentea da gaur egun zientzian eta berrikuntzan, ekosistema teknologiko gero eta sendoagoa baitu. Horrelako ekimenak funtsezkoak dira potentzial hori belaunaldi berriekin lotzeko. Ekitaldi horri esker, haurrak eta gazteak modu praktikoan eta motibatzailean hurbiltzen dira zientziara, teknologiara eta arazoak konpontzera, eta beren etorkizun akademiko eta profesionalean funtsezkoak izango diren gaitasunak garatzen dituzte. Izan ere, sormena, pentsamendu kritikoa, talde lana eta ekimena lantzen dituzte. First Lego League bezalako ekitaldiek gure hiri estrategia indartzen dute: berrikuntzan inbertitzen duen Donostia, lehen mailako polo teknologiko bat duena eta bere aktiborik handiena, zalantzarik gabe, jende gazteenaren talentua dela ulertzen duena ”.
Guztira, 6 eta 16 urte bitarteko 392 gazte (entrenatzaileak barne) hurbilduko dira otsailaren 28an Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusera Bizkaiko 8 ikastetxetatik eta Gipuzkoako 9 ikastetxetatik, FLL Challengeko 25 taldetan (10-16 urte) eta FLL Exploreko 17 taldetan (6-9 urte) banatuta. Gainera, 80 boluntario arituko dira antolakuntzan. Aurtengo erronka tematikoa UNEARTHED da, arkeologiaren eta antzinako zibilizazioen azterketaren ingurukoa. Ikasleen taldeek arkeologoek jakintza zaintzeko teknologia eta robotika nola erabiltzen dituzten ikertuko dute, historia berreskuratzeko, babesteko eta partekatzeko irtenbide berritzaileak diseinatzeko. Lehiaketaz gain, parte hartzaileek askotariko jarduera teknologikoak izango dituzte Opengunean. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean izango dira, besteak beste, honako hauek: Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzailea; María José Aranguren, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreordea; María Luz Guenaga, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Erakunde Harremanetako eta Komunikazioko dekanordea; Jon Ojanguren, FLL Euskadiko Donostiako Event Manager; Alaitz Landaluze, Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusia; eta Amaia Arregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria. 17. edizio honetako agintariak eta erakunde laguntzaileak 11:45ean elkartuko dira Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Larramendi eraikinaren sarrera nagusian. Ondoren, kafe bat hartuko dute IIBZren atseden gelan, eta taldeko argazkia aterako dute. Jarraian, FLL Euskadiren Donostiako egoitzako interesgune nagusiak bisitatuko dituzte: EXPLORE erakustaldia, Loiola Centrumen; PIT CHALLENGE eta CHALLENGE robotaren jokoa, Larramendi eraikineko kirol kantxan; CHALLENGE proiektuaren defentsa, Larramendi eraikineko gela batean; eta Opengunea, Foro Aretoan. Amaierako ekitaldia eta sari banaketa 15:00etan izango da, Larramendi eraikineko kirol kantxan. Aurretik, 14:45ean, argazki ofiziala egingo da, agintari, erakunde laguntzaile eta parte hartzaile guztiekin.
Deustuko Unibertsitateak Innobasquerekiko lankidetza horren aldeko apustua egin du, STEAM bokazioak eta, bereziki, bokazio teknologikoak sustatzeko konpromisoaren ildotik, Gipuzkoako eta Euskadiko gizartearen premia bati erantzunez. FIRST LEGO League Euskadi lehiaketa guztiz lerrokatuta dago Deustuko Unibertsitatearen misioarekin eta ikuspegiarekin, helburu orokorrei, antolaketari eta, bereziki, balioei dagokienez. Izan ere, ikasitakoa mundua eraldatzeko erabiltzen du, eta aniztasuna, inklusioa eta pertsonen arteko lankidetza sustatzen ditu.
FLL Euskadiren 17. edizioa
FLL Euskadi FIRST LEGO League nazioarteko hezkuntza programan integratutako ekimena da. Programa horretan, 110 herrialdetako 679.000 gaztek parte hartzen dute, horietatik 110.000 Espainian. Hilabeteetan,, ikasleek edizio bakoitzeko gaiarekin lotutako erronkei erantzuteko lan egiten dute, LEGO robotak programatuz eta berrikuntza proiektu bat aurkeztuz. Aurtengo erronka, UNEARTHED (lurpetik ateratzea) izenekoa, arkeologian oinarrituta dago. Euskal Autonomia Erkidegoan, ekimenak bisita zientifiko-teknologikoen programa bat ere barne hartzen du, Espainian aitzindaria, parte hartzaileak edizio bakoitzeko erronkara hurbiltzeko eta benetako arazo bati irtenbidea emango dion berrikuntza proiektu bat egiteko inspirazioa emateko. Prozesu horren amaiera Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen aldi berean jokatzen den lehiaketa jendetsua dugu. Edizio honetan, 68 ikastetxetako 3.410 ikaslek hartu dute parte; ikastetxeen % 66 Bizkaikoak dira, % 19 Arabakoak eta % 15 Gipuzkoakoak. Guztira 205 talde lehiatuko dira berrikuntza proiektuekin eta robotaren jokoarekin 2026ko otsailaren 28an, larunbatean, egingo den lehiaketan. Datu horiek inoizko onenak dira, FIRST LEGO League Euskadiren aurreko edizioekin alderatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko lehiaketa Espainiako garrantzitsuenetako bat da, bai antzinatasunagatik eta bai parte hartzaileen kopuruagatik. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak, hiru lurralde historikoetako foru aldundiek eta entitate publiko eta pribatu ugarik babesten dute. Hamazazpi urte hauetan, FIRST LEGO League Euskadi STEAM hezkuntzako (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak, ingelesezko sigletan) erreferentziazko programa bihurtu da gurean.
Urte horietan, guztira 116 ikastetxek parte hartu dute; 2.137 taldek; 22.210 ikaslek; eta 1.500 boluntariok. Gainera, guztira 174 tailer eta bisita antolatu dira edizio bakoitzaren erronkei lotuta.
Programaren bi kategoriak
FLL Euskadin, taldeek adinera egokitutako bi kategoriatan hartzen dute parte. “Explore” kategoria 6 eta 9 urte bitarteko ikasleentzat dago pentsatuta. Kategoria horretan, taldeek maketa bat eraikitzen dute, LEGO®ren modelo motorizatu batekin, eta poster bat diseinatzen dute, urteko erronkari erantzuteko soluzio berritzaile bat aurkezteko. Lehiaketan, ikasleek beren lanak erakusten dizkiete epaileei, eta FLLren balioak, horien artean, talde lana, inklusioa, aurkikuntza, berrikuntza eta eragina, nola txertatu dituzten azaltzen diete.
“Challenge” kategoria 10 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzentzen zaie. Kategoria horretan, taldeek robot bat diseinatu eta eraikitzen dute, tapiz batean hainbat misio egiteko Era berean, urteko gaiarekin lotutako benetako arazo bati erantzuteko berrikuntza proiektu bat garatzen dute. Lehiaketaren egunean, parte hartzaileak beren robotarekin lehiatzen dira eta beren proiektuak epaimahaiaren aurrean aurkezten dituzte, FLL balioak lanean nola aplikatu dituzten ere erakutsiz.
Aurten, beste egoitza bat gehiago
Lehiaketan parte hartuko duten taldeak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat hiritan elkartuko dira, aldi berean: Bilbo, Donostia, Arrasate eta Gasteiz. FLL Euskadiren edizio honek inoiz baino egoitza gehiago izango ditu, FLL Euskadi Bilbo-Mondragon Uni. batu baita multzora.
FLL Euskadi Bilbo-Deusto egoitzan, Deustuko Unibertsitateak Bilboko campusean antolatutakoan, 20 ikastetxetako 49 talde lehiatuko dira (30 Challenge eta 19 Explore). FLL Euskadi Bilbao-Mondragon Uni, egoitza berrian, Mondragon Unibertsitateak Bilbao As Fabriken antolatutakoan, 6 ikastetxetako 22 talde elkartuko dira (12 Challenge eta 10 Explore).
FLL Euskadi Donostian, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, 15 ikastetxetako 44 talde arituko dira (27 Challenge eta 17 Explore). FLL Euskadi Mondragon egoitzan, Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko campusean, 13 ikastetxetako 49 arituko dira (28 Challenge eta 21 Explore). Eta, azkenik, FLL Euskadi Vitoria-Gasteizek, Euskal Herriko Unibertsitateak Arabako campusean antolatutakoan, 17 ikastetxetako 43 talde izango ditu (24 Challenge eta 19 Explore).
Egoitza bakoitzeko talde irabazleak apirilaren 11n, larunbata, Burgosen jokatuko den Espainiako finalerako sailkatuko dira, eta bertan FIRST LEGO Leagueak mundu osoan antolatzen dituen nazioarteko lehiaketetarako txartela lortu ahal izango dute.