2025eko abenduak 26
Donostiako Campusa
Donostiako Kursaal eraikinak DonoSTEAM - Gabonetako Teknologia Parkearen hirugarren edizioa hartuko du, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean.Haur eta gazteei zuzendutako proposamena da, oporretan zehar zientzia, teknologia, sormena eta ekintzailetasuna modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzeko helburuarekin. Ekimenak 2.500 m2 baino gehiagoko eremua hartuko du, eta goizez (10:00etatik 14:00etara) eta arratsaldez (16:00etatik 20:00etara) irekiko ditu ateak. Zehazki, Deustuko Unibertsitateak ihes gela bat antolatuko du, mahai joko eta karta joko baten bidez. Proposamen horretan, haurrek eredu bitarrean kontatzen ikasiko dute eta eragiketa logikoak eta matematikoak egingo dituzte; gainera, datu baseen oinarriak ezagutuko dituzte.
Proiektuak hasieratik izan du Donostia Sustapenaren laguntza, eta 6 eta 17 urte bitarteko gazteen artean STEAM bokazioak sustatzeko sortu zen, esperimentazioa, jolasa eta aurkikuntzaren bidezko ikaskuntza bultzatuz. Sormena, pentsamendu kritikoa, talde lana eta teknologia berriekiko interesa pizteko diseinatutako ingurune batean garatzen da proposamena. Helduak ere ongietorriak dira.
25 esperientzia baino gehiagoko ibilbidea, gozatuz ikasteko. Bi astez, publikoak aukera zabala izango du esperientzia teknologiko eta zientifikoetan murgiltzeko, hala nola: azken belaunaldiko Scalextric-a; retro kontsolen gunea, 1975etik 2015era arteko 30 kontsola baino gehiagorekin; 100 metroko drone zirkuitua eta simulagailuak; robotak eraikitzea eta programatzea (mini-hackathon); diseinu digitala, marrazketa eta animazioa; egiturak eta zirkuituak eraikitzea; gidatze profesionaleko simulagailuak; estrategia jokoak eta erabakiak hartzea; oinarrizko elektronika; mailaz mailako Escape Room edo ihes gelak; 3D inprimaketa; irakasleentzako saio bereziak; bideojokoen programazioa; adimen artifizialaren hastapenak; biomaterialak sortzea; sormenezko jasangarritasuna eta kirolak; errealitate areagotuko proiektuak diseinatzea; errealitate birtuala; E-Sports; 500 m-ko irrati kontroleko autoen zirkuitu profesionala; papiroflexia, buztin polimerikoak eta sormena; Minecraft; Roblox; sormenezko taileer gastronomikoak; zibersegurtasuna eta mini hackaton-a; mahai interaktiboak; SLIME modelatzea material birziklatuekin.
Hazten eta aliantzak gehitzen ari den ekimena
DonoSTEAMek aurten ere Donostia Sustapenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta edizio honetan Euskatel Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea ere gehitu dira ekimenera. Gainera, proiektuak enpresa laguntzaile eta hornitzaileen sarea zabaltzen jarraitzen du, hirian talentu gaztea eta berrikuntzaren kultura sustatzeko erreferentziazko espazio gisa sendotuz.