Deustuko Unibertsitatea ChemBio'26 topaketan, non berrikuntza kimikaren eta biologiaren konbergentziatik sortzen den

Unibertsitateak, CIC biomaGUNE eta Polymat-ekin batera, Kimikako Espainiako Errege Elkartearen Biologia Kimikoko Taldearen Bi Urteko Topaketa antolatu du Donostian.

ChemBio'26 bilera

2026ko apirilak 27

Donostiako Aquariuma

Apirilaren 27tik 29ra, Kimikako Espainiako Errege Elkartearen Biologia Kimikoko Taldearen VIII. Biurteko Topaketa egingo da Donostiako Aquariumean. CIC biomaGUNEk, Polymatek eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako ChemBio’26 topaketak biologia kimikoaren arloan nazioartean izen handia duten 130 ikertzaile gazte eta espezialista inguru bilduko ditu.

Hiru egun horietan, kimikaren eta biologiaren arteko mugako fenomeno liluragarrienetako batzuk ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, “berrikuntza kimikaren eta biologiaren arteko konbergentziatik sortzen dela sinetsita”, adierazi dute Natalia Baranovak (CIC biomaGUNE), Ana Beloquik (Polymat) eta Ganeko Bernardok (Deustuko Unibertsitatea), topaketaren antolatzaileek.

ChemBio’2026 bilkuran biologia sintetikoan, biologia estruktural eta konputazionalean, nanobioteknologian, kimika medikoan eta biomaterialetan egindako azken aurrerapen zientifikoak aztertuko dira, Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko lehen mailako zentroetako adituen hitzaldi programa zabalari esker. Donostiako Aquariumak ingurune paregabea eskainiko du kimikaren eta biologiaren arteko interfazean aro berri baten garapena gidatzen dutenengandik ikasteko, truke zientifikora eta nazioarteko lankidetzara irekitako giroan, ekitaldiaren anfitrioiek beraiek bermatuta:

Ganeko Bernardo, gaur egun, Deustuko Unibertsitateko ikertzailea da. AEA alboko esklerosi amiotrofiko gaixotasunari lotutako proteinen karakterizazio biofisikoan eta estrukturalean oinarritutako ikerrildo berri bat zuzentzen du, agregazio patologikoaren aurkako txaperona teragnostikoak garatzeko.

Natalia Baranova Ramón y Cajal eta Ikerbasque Fellow ikertzailea da CIC biomaGUNEn. Lideratzen duen taldeak bakterio-infekzioak ikertzen ditu mihiztadura molekularren alderantzizko ingeniaritzaren bidez, haien funtzionamendua arautzen duten printzipioak aurkitzeko eta antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko estrategia berriak proposatzeko.

Ana Beloqui Ikerbasque Associate Professor da Polymaten. Lideratzen duen taldeak polimero funtzionalen eta entzimen arteko konbinazioa aztertzen du gailu jasangarriak, biobateragarriak eta eraginkorrak garatzeko aplikazio aurreratuetarako, bereziki sentsorearen eta biomedikuntzaren arloetan.

Hitzaldien programa zabalaren artean, erakargarritasun eta interes handiko hainbat gai nabarmendu daitezke. Marc Güell doktoreak (ICREA) bilakaera artifiziala eta antzinako berreraikuntza ebolutiboak erabiltzen ditu giza genomaren eta metagenomaren aldaketa eraginkorragoa eta seguruagoa ahalbidetzen duten sistema berriak sortzeko, bai eta garrantzi bioteknologikoa duten funtzio biologiko berriak garatzeko ere. Bestalde, Andreas Walther doktoreak izaki bizidunak imitatzen dituzten eta bizitzaren oinarrizko printzipioetan oinarritutako prozesu dinamikoak eta adimen kimikoaren printzipioak integratzen dituzten materialen eta sistemen garapena du ardatz.

Ekitaldiaren antolatzaileek konpromiso handia sentitzen dute berdintasuna sustatzearekin, eta lankidetza espiritu sendoa sustatu nahi dute topaketa honetan. “Arreta berezia jarri da beren karreraren hasieran dauden ikertzaileen ordezkaritza zabala bermatzeko, beren lana ezagutarazteko eta aktiboki parte hartzeko”, adierazi dute. Eta espero dute aurtengo ChemBio bilera inspirazio iturri izatea etorkizuneko ekitaldiek espiritu inklusibo eta kolaboratibo bera izan dezaten.

Argazkiak