2026ko apirilak 30
Bilbao
Bilboko Merkataritza Ganberak, Bilboko Koral Elkarteak eta Deustuko Unibertsitateak 140 urte bete dituzte aurten eta hori ospatzeko Eindhoveneko Philips Symfonie Orkest ospetsuaren kontzertu bat antolatu zuten elkarrekin, Koral Elkarteak berak lagunduta. Kontzertua apirilaren 29an izan zen, Bilboko Arriaga Antzokian, Txemi Etxebarria maisuaren gidaritzapean eta Estibaliz Sánchez sopranoak parte hartuta.
Bizkaiko hiru erakunde enblematiko eta funtsezko horiek, hiriko ekonomia, kultura eta hezkuntzarako, urteurrena horrela ospatu nahi izan zuten. Lankidetzari balioa eman eta musika babestu nahi izan zuten gizarte eta kultura kohesioan duen eginkizunagatik, eta kontzertu honetan batu ziren tokiko eta nazioarteko talentua ere aitortu nahi izan zuten.
Juan Jose Etxeberria Deustuko errektoreak parte hartu zuen 140 urtetako Bilboren aldeko aliantzaren oroitzapenezko kontzertu horretan. 1886an jaio eta hasiera-hasieratik ekonomia, kultura eta hezkuntzarako erreferente bihurtu ziren hiru entitateri egindako omenaldia izan zen. Historia luzea eta etengabeko lana helburu bakar batean laburbiltzen dira: lurraldearen eta gizartearen oparotasuna, Bilboren, Bizkaiaren eta Euskadiren izena mundu osoan zehar eramatea.
Errektorearen ustez, erakunde horien sorrera ez zen halabeharrez izan, baizik eta modernizazio betean sartuta zegoen gizarte baten ezinbesteko hiru premiari emandako erantzun "ausarta": indar ekonomikoari, kultura maila igotzeari eta jakintzaren argiari. Etxeberriaren ustez, erakunde bakoitza funtsezko motorra da gizartean: Merkataritza Ganberak, merkataritza eta industria jardueraren bultzatzaile izanik, portu komertzial bat mundu mailako proiekzioa duen zerbitzu eta berrikuntza metropoli bihurtzen jakin du; Koral Elkarteak, "gure ahotsa" zaindu eta proiektatzeaz arduraturik, erakutsi du gizarte baten hazkundea neurtu daitekeela edertasuna eta herri baten sentsibilitatea sortzeko duen gaitasunaren arabera ere; eta Deustuko Unibertsitateak, prestakuntza integrala eta etika herritartasun askearen zutabe direla defendaturik, denon ongiarekin konprometitutako profesionalak prestatzeko ardura bereganatu du.
Nostalgia ariketa hutsa baino gehiago, sortu gintuzten balioekiko konpromiso berritua dela azpimarratu zuen Juan Jose Etxeberriak. "Ziurgabetasun garaiak bizi ditugu, aldaketa teknologikoak eta erronka globalak. Hala ere, etorkizunari aurre egiteko errezetak duela mende eta erdi zituen osagai berberak izaten jarraitzen du: lankidetza eta kooperazioa, bikaintasuna bilatzea eta denon onerako zerbitzu ematea. Izan ere, indar ekonomikoa, sakontasun kulturala eta zorroztasun akademikoa tresna sendoak dira gure gizarteak ongizatearen eta giza duintasunaren erreferente izaten jarrai dezan ". Hitzaldi osoa.
Jose Ignacio Zudaire Merkataritza Ganberako presidentearen eta Jose Miguel Lanzagorta Koral Elkarteko presidenteordearen hitzaldiekin batera, errektoreak "herritarrei eskaini nahi diegun opari gisa" deskribatu zuen partaidetza artistikoa ekitaldiaren hasieran, "ia mende eta erdian emandako konfiantzagatik eta estimuagatik esker ona adierazteko". Errektoreak amaitzeko, "musika ametsez betetako etorkizunaren ataria eta gure lurraren aurrerapenarekiko konpromiso hautsiezinaren sinboloa izatea" opa izan zien bertaratuei.
Philips Orkestra Sinfonikoa
Philips Symfonie Orkest, jatorriz Philips enpresako langileek sortua, gaur egun Herbehereetako orkestra sinfoniko ez profesional handienetako bat da. Bere 90 kide baino gehiago Eindhoven eta inguruetako musikazale aurreratuak eta musikari profesionalak dira, musika klasikoarekiko zaletasun biziak elkartuak.
Apirilaren 29rako prestatutako egitarauan XX. mendeko bi obra handi sartu ziren: Francis Poulenc-en Gloria, bere adierazkortasun indartsuagatik ezaguna den pieza korala; eta Dmitri Shostakovitxen 10. sinfonia, bere garaiko tentsio politikoen aurrean askatasunari eta erresistentziari buruzko hausnarketa musikal sakontzat hartzen dena.