Deustuk hasiera emango dio helduentzako ikasketa programari, Douglas Kleiber zahartze aktiboari buruzko nazioarteko adituak Unibertsitatera egingo duen bisitaldiarekin batera

Deustuko Unibertsitateak helduentzako programari emango dio hasiera datozen egunetan, Kultura eta Elkartasuneko Unibertsitate Tituludunari. 400 ikasle inguru pasatu dira hiru urteko iraupena duten ikasketa horietatik, 1999an sortu zirenetik. Ikasketa horiek aitzindariak dira eta ez dute aurretiaz titulurik edukitzerik eskatzen, egin ahal izateko. XIII. promozioan, 25 pertsona inguru hasiko dira ikasketa horiek egiten 2011-12 ikasturtean. Berriak

2011eko irailak 20

Bilboko Campusa


Ikastaroaren hasierarekin batera, Athenseko (Georgia, AEB) Unibertsitateko Douglas Kleiber irakaslea etorriko da bisitan, Ikerbasqueren eskutik. Irakasle hau zahartze aktiboan aditua da. Nazioartean ospe handia duen ikertzaile horrek Georgiako Unibertsitatean egin du karrera akademikoa eta munduan aisia eta giza garapenari buruz dagoen sail gutxi horietako bat zuzendu du. Ikerketan, aparteko arreta eskaintzen dio aisia osasungarriari, bizitzan zeharreko aisiako ibilbideei eta gutxiengoei. Horrez gain, aisiazko ikaskuntzen arloan osperik handieneko Amerika eta mundu mailako sareetan aparteko inplikazioa du.

Kultura eta Elkartasuneko Unibertsitate Tituluduna Ociobiden txertatuta dagoen prestakuntza programa bat da (Prestakuntza aisia gisa), Deustuko Unibertsitateko Aisiazko Ikaskuntzen Institutuaren barruan. Ikasteko modu berri bat da, hainbat gairen inguruko prestakuntza jasotzeko bidea ematen duena: lan intelektualerako teknikak, aisia eta bizi kalitatea, artea ulertzeko eta gozatzeko gakoa, erabateko osasunari buruzko ezagutzak, giza komunikazioa, giza eskubideak, etika, historia, musika, literatura, erlijio handiak eta zinea, besteak beste. Gai praktiko horiek lantzen jarraitu daiteke, antzerkia, arkeologia, kirol, informatika edo bildumazaletasuna bezalako jarduerekin.

Aisiazko Ikaskuntzen Institutua, 1988an sortua, aisiaren ikerketan, ezagutzan eta prestakuntzan diharduen unibertsitate zentro bakarra da.