2023ko martxoak 16
Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitateak Antxieta eraikin berria inauguratu zuen martxoaren 16an Donostiako campusean. Lehengo Eraikin Nagusiko zati bat guztiz eraberrituta, lanerako eta zerbitzuetarako espazio berriak sortu dira bertan. Eraikinari José de Anchieta (1534-1597) euskal jatorriko jesuita kanariarraren izena eman zaio, Brasilgo ebanjelizatzailea, inkulturazioaren adibidea eta pertsonen duintasunaren defendatzailea. Inaugurazio ekitaldian esparru akademiko, politiko eta erlijiosoko hainbat ordezkari izan ziren, besteak beste Fernando Prado, Donostiako gotzaina, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Tomás González, Brasilgo ohorezko kontsula; Francisco Javier López Aríztegui SJ, Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko burua; José María Guibert Ucín SJ, Deustuko Unibertsitateko errektorea eta Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko Idazkaria, José Mª Etxeberria SJ.
Antxieta eraikina, 3.000 m² eta hiru solairu dituena, 2021eko uztailean Larramendi Eraikinaren (12.000 m²) inaugurazioa ekarri zuen campusaren handitze handiaren osagarri da eta jakintza arlo berrietako kalitatezko irakaskuntza eta ikerketa indartzen ditu, Ingeniaritza, Zuzenbidea, Osasun Zientziak, Hezkuntza eta Kirolean, zehazki. Gainera, azpiegitura berriak nazioartekotzearen aldeko apustua ere indartu du, bertan kokatu baita campuseko Nazioarteko Harremanetarako Bulego berria. Otoitzerako kapera ere bertan dago, unibertsitateko elkarte osoaren beharrei erantzuteko.
Deustuko Unibertsitateak, Donostiako campuseko instalazioak hobetzeko asmoz, lehengo Eraikin Nagusiaren zati bat eraberritzeko lanei ekin zien 2021-22 eta 2022-23 ikasturteetan. Lanak amaituta, Antxieta Eraikina izango da aurrerantzean espazio hori. Eraikina Miguel de Oriolek proiektatu zuen 1964an, eta Donostiako Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (HEOBPB) barruan dago, C mailako eraikinen artean. Hori dela eta, egindako lanek kanpoko itxura errespetatu dute, bai fatxadaren estetika eta bai bertako baoak. Eta barneko espazioak birbanatu dira, eraikitako azalera hobeto aprobetxatzeko, isolamendu termikoa hobetzeko eta eremu horretako instalazioak guztiz berritzeko.
Ekitaldian, Deustuko Unibertsitateko errektoreak José de Anchieta SJ santuaren marrazki originala oparitu zion Brasilgo ohorezko kontsulari, Edurne Gorrotxategi euskal artistak egina. Marrazkia 1960az geroztik bere jaioterrian, San Cristobal de la Lagunan, jesuita omentzeko Bruno Giorgirk egin zuen estatuan oinarrituta dago. Marrazki hori bera eta hiru hizkuntzatako aipamen biografiko bat inprimatu da horman ere. Horrek emango die ongietorria, gaurtik aurrera, Antxieta eraikineko atondo nagusira iristen diren guztiei.
Errektoreak Fernando Prado Donostiako gotzainari Autógrafo de los Ejercicios espirituales de San Ignacio de Loyola liburua oparitu zion, orain dela gutxi argitaratua, luxuzko koadernaketan; eta Eneko Goia alkateari, En Camino con Ignacio, Aita Arturo Sosa SJ, Jesusen Lagundiko Jeneralaren gogoetak biltzen dituena.
-Antxieta eraikin osoak 3.017 m2-ko azalera erabilgarria du, 3 solairutan banatuta (sotoa, beheko solairua eta lehen solairua).
Proiektua Iker Arana arkitektoak idatzi du eta exekuzio lanen zuzendaritza Juan Luis Martín eta Fernando García arkitekto teknikoek hartu dute. Esku hartzea 2 fasetan egin da.
1. faseak (2021eko abuztutik 2022ko otsailera), 1.064,21 m2 erabilgarriren gainekoak, jesuiten komunitatea izan zena birgaitzea izan zuen helburu. Fase horretan, eraikinaren sarrera nagusiko atondoa eta sotoaren zati bat ere berritu ziren. Jesuiten komunitateko logela eta espazio komun zaharrak eraitsi eta haietan Osasun Zientzietako, Hezkuntza eta Kiroleko, Zuzenbideko eta Ingeniaritzako fakultateetako administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan tokiak eraiki ziren. Horiekin batera, beheko solairuan kapera eta Nazioarteko Harremanetako Bulegoa prestatu ziren. Goiko solairuan, aipatutako fakultateetako kideentzako lan tokiak eraiki ziren. Atondo nagusia eta Errektoreordetzako sarrera era berritu ziren, Informazioa campusaren sarrerara mugituta. Sotoko solairuan artxiborako espazioa antolatu zen. Beheko solairuan, guztira 25 lan toki prestatu ziren eta lehen solairuan, beste 76, bilerak eta tutoretzak egiteko tokiez gainera. Lanak Altuna y Uria eraikuntza enpresak egin zituen.
2. faseak (2022ko uztailetik irailera) 186 m2-ko azalera hartu zuen, Nazioarteko Harremanetako Bulegoa eta irakasleen bulegoak campuseko beste toki batzuetara mugitu ondoren, libre gelditu zirenak. Eremu horren banaketa aldatu zen, kristalezko itxiturekin espazio gardenak eraikitzeko, Ingeniaritza Fakultateko irakasleentzat. Eremu horretan bertan kokatuko dira Unibertsitate-Enpresa Ikasgelak, ikasleek kanpoko enpresekin lankidetzan jarduerak garatzeko. Inguru horretan 26 lan toki prestatu ziren, bilerak eta tutoretzak egiteko tokiez gainera. Lanak Construcciones Hugar enpresak egin zituen.
-José de Anchieta SJ (San Cristobal de la Laguna, Tenerife, 1534 - Reritiba, gaur egun Anchieta, Brasil, 1597).
José de Anchieta SJ euskal jatorriko jesuita kanariarra izan zen (aita Urrestillakoa zuen), "Brasilgo apostolua" izenaz ere ezaguna, herrialde hartan egin zuen ebanjelizatze lanagatik. Gaur egungo Sao Paulo eta Rio de Janeiro hirien sortzailea ere izan zen.
Humanista handia izan zen, inkulturazioaren adibide goiztiarra. Aborigenekin bizi izan zen eta tupi hizkuntza estandarizatzen lagundu zuen, lehen gramatika eta hiztegia idatzita. Esklaboak harrapatu eta saltzeko negozio aberatsaren aurkako ahots profetikoa izanik, irmo defendatu zituen indigenen eta mestizoen eskubideak agintarien eta kolonoen aurrean. Antxieta 2014ko apirilaren 3an kanonizatu zuen Frantzisko aita santuak. Elizak ekainaren 9an ospatzen du bere eguna.