Deustuko Unibertsitateak Jesuiten Unibertsitateen Ikerketarako Aliantza Globalaren (GRAJU) sorrera bultzatu du

Jesuiten zazpi unibertsitatek osatzen duten nazioarteko sare honek ikerketa bateratua bultzatuko du maila globalean.

Sarearen lehen topaketa handia GRAJUren Urteko Sinposioan izango da, 2026ko martxoaren 9tik 11ra Manila Ateneo Universityn

2025eko urriak 08

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak pauso erabakigarria eman du ikerketaren nazioartekotzea bultzatzeko, Global Research Alliance of Jesuit Universities (GRAJU) sortu baitu. Mundu osoko zazpi unibertsitate jesuitak osatutako nazioarteko sare berria da, eta ikerketa arloko lankidetza sustatzea du helburu, mundu osoan. Aliantza abuztuaren 4an eratu zen, eta Manilako Ateneoak (Filipinak), Forham-ek (AEB), Georgetownek (AEB), ITESOk (Mexiko), Sogang-ek (Hego Korea) eta Namur-ek (Belgika) osatzen du, Deustuko Unibertsitateaz gain. 

GRAJU erakunde jesuita horiek bikaintasun akademikoarekin, justizia sozialarekin eta guztion onerako zerbitzuarekin duten konpromiso partekatutik sortu da. Helburu estrategikoen artean, hauek aipatu daitezke: premiazko erronka globalei buruzko baterako ikerketa proiektuak bultzatzea, jesuiten balioekin lerrokatuta; nazioarteko truke akademikoak sustatzea; diziplinarteko berrikuntza sustatzea, eta lankidetzarako finantzaketa bilatzea estatuko eta nazioarteko funts eta dirulaguntzen bidez.

Sarearen lehen topaketa handia GRAJUren Urteko Simposioan izango da, 2026ko martxoaren 9tik 11ra Manila  Ateneo Universityn. «The AI Frontier and the Distinctives of Global Jesuit Higher Education» izenburupean, nazioarteko akademiko, hezitzaile eta liderrak bilduko dira, sortzen ari diren teknologiak nola aprobetxatu eztabaidatzeko, giza duintasuna defendatzeko, prestakuntza aberasteko eta etorkizun itxaropentsuagoa eraikitzeko. Gai hori Deustuko Unibertsitateak Adimen Artifizialaren inguruan duen posizionamenduarekin lotzen da, erakundearen maila guztietan ikuspegi etiko eta arduratsuan oinarrituta.

 

GRAJUren sustatzaile eta sortzaile izan eta haren Batzorde Eragileko kide den aldetik, Deustuko Unibertsitateak nazioarteko proiekzioa eta Jesusen Konpainiako beste unibertsitate batzuekin sarean lan egiteko konpromisoa indartu ditu. Gainera, partaidetza horrek lankidetza akademiko eta zientifikorako aukera berriak zabaltzen ditu, eta gure unibertsitateak gizartean eta etikan eragina duen ikerketaren alde egindako apustua sendotzen du.