Deustuko Unibertsitateak Joint declaration on Engaged Research sinatu du Oulun, UNICek, Deustuko Unibertsitatea partaide duen Unibertsitate europarrak, bultzatutako adierazpena

Oulu

2022ko ekainak 15

Bilboko Campusa

Gaur, ekainak 15, UNIC - European University of Post-Industrial Cities (Hiri Postindustrialen Europako Unibertsitatea) osatzen duten 8 unibertsitateek Joint declaration on Engaged Research (Ikerketa Konprometituari buruzko Baterako Adierazpena) sinatu dute. Oulun (Finlandia) ekainaren 14tik 16ra egiten ari diren UNIC Conference eta UNIC CityLabs Festival direla eta, UNIC aliantzako unibertsitateetako eta haien hirietako ordezkariak bildu dira adierazpena izenpetzeko. Deustuko Unibertsitatearen aldetik, Stella Solernou idazkari nagusiak ordezkatu du José María Guibert errektorea dokumentuaren sinaduran.

Dokumentu honen bidez, sinatzaileek konpromisoa hartzen dute komunitate eta hiriak, herritarrak, GKEak eta udalak inplikatzeko ikerketan unibertsitateekin batera, ikerketa prozesuaren fase guztietan.

Adierazpen honek bidea irekitzen du Europako herritarrak batzeko, hizkuntzak eta mugak zeharkatuta, kide aktibo gisa parte hartzeko gizarte oparo, errukitsu eta ilustratuen eraketan, bai eta ikerketaren eta ebidentziaren sendotasunak informatutako ekonomia jasangarrien eraketan ere.

“Pertsonak ikerketan eta berrikuntzan modu esanguratsuan parte hartzea funtsezkoa da gure hiri eta unibertsitateek epe luzerako arrakasta izan dezaten. Declaration on Engaged Research hau, Europako lehena, urrats aitzindaria da hezkuntza eta ikerketa arloetan Europako Batzordeak dituen asmoak lortzeko” dio Ed Brinksma irakasleak, Rotterdamgo Unibertsitateko (Herbehereak) Batzorde Exekutiboko buruak.

Unibertsitateetako langileek eta ikasleek, udalek eta gizarte zibileko eragileek Ikerketa Konprometiturako Estrategiari buruzko Foro batean parte hartu zuten 2022ko urtarrilean eta martxoan, University College Corken (Irlanda). Bertan, adierazpen honen landu zuten eta, hartara, lankidetza ekimen bihurtu zen. Hurrengo urratsa ikerketa estrategia konprometitu bat definitzea da, eta urte honen amaieran Rotterdamen aurkezteko asmoa dute.

«Adierazpen hau mugarri garrantzitsua da Europako hiri eta unibertsitateentzat. Lehen aldia da, talde gisa, konpromiso bateratu hau garatu dugula gure komunitateentzat. Ekimen historiko honek garrantzia, oihartzuna eta eragina izango du Europan datozen urteetan” dio Willy Demeyer Liejako (Belgika) alkateak.

Mugarri hau Unic Conference eta UNIC CityLabs Festivalen barruan kokatzen da eta Deustuko Unibertsitateak zenbait ordezkari ditu bertan parte hartzen: errektorea, José María Guibert; Nazioarteko Harremanetako eta Transformazio Digitaleko errektoreordea, Alex Rayón; Idazkari Nagusia, Stella Solernou; 5 irakasle eta ikertzaile; 7 ikasle eta UNICen koordinazioan parte hartzen duten Nazioarteko Harremanetako 7 laguneko taldea.

UNIC Europako Batzordeak finantzatutako 41 aliantza europarretako bat da. UNICen bereizgarria komunitateen inplikazioaren bidez irakastea eta ikertzea da, gizarte inklusibo eta jasangarriak sortzeko. UNIC unibertsitate arteko campusa sortzen ari da, ikasleek, ikertzaileek, administrazioko langileek eta irakasleek eta hirietako erakunde laguntzaileek elkarrekin ikertzeko eta partaide diren hiri eta erakunde laguntzaileetan eragin soziala izateko.

2020an eratua, UNIC aliantza erakunde hauek osatzen dute: Ruhr-Universität Bochum, Bochum, Alemania; Université de Liège, Lieja, Belgika; Sveučilište u Zagreb, Zagreb, Kroazia; Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, Espainia; Oulun yliopisto University, Oulu, Finlandia; Coláiste na hOllscoile Corcaigh, Cork, Irlanda; Erasmus Universiteit Rotterdam, Rotterdam, Herbehereak; Koç Üniversitesi, Estambul, Turkia.