2023ko urtarrilak 28
Zagreb
Deustuko Unibertsitateko errektorea, José María Guibert, eta Aliantzaren Europako gainerako unibertsitateetako errektoreak bildu dira gaur Zagreben, UNICen (orain European University of Cities in Post-Industrial Transition dena) baterako helburuen adierazpen berri eta asmo handikoa sinatzeko. Ekitaldi esanguratsu honetan Alex Rayón Jerezek, Nazioarteko Harremanetarako eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordeak eta Iván San Atilano Campillok, UNICeko Deustuko Student Boardeko kideak, parte hartu dute ere.
Misioaren adierazpen berriak jardueren eta hurrengo ekimenen ibilbide-orri xehatua du, eta Europa osoko ikasle, ikertzaile eta herritarrentzako askotariko ekitaldiak eta aukera berriak eskainiko ditu, mugikortasuna nabarmen handituko dutenak: campus hibridoak eta ikastaroak, doktoretza-programak eta beste ikerketa-programa batzuk, mikrokredentzialak, mintegiak eta mahai-inguruak. Horrez gain, arreta handiagoa emango zaie Aliantzaren «CityLabs» enblematikoei, unibertsitateen eta hirien artean jakintza trukatzeko aukerak sortzen baitituzte.
Europaren etorkizun superanitzarekiko konpromisoa
UNICen ekimenek Europa osoko hiri postindustrialetako ia 20 milioi herritar, ikasle, langile eta ikertzaileri egiten diete mesede. Kolektiboki, aliantza honen hurrengo faseak jakintzaren garapena eta baterako sorkuntza bultzatu nahi ditu, lankidetzaren, berrikuntzaren eta gizarteratzearen bidez, gizartea hobetzeko eta gizartean eragina izateko. Azken hiru urteetan ezarritako oinarrietatik abiatuta, «2.0» misioaren adierazpenak eta Aliantzaren izenaren aldaketak agerian uzten dituzte UNICek datozen urteetan izango dituen helburu berrituak: hiri-ekosistema posindustrialekin konpromiso sendoa izango duten erakundearteko ikaskuntza-, irakaskuntza- eta ikerketa-ereduak aurkitzea.
«Hamar unibertsitate gara, Europako hamar leku oso desberdinetakoak; baina gure historiek, gure orainak eta gure etorkizunak lotzen gaituzte», adierazi du Ed Brinksma, Erasmus University Rotterdam-eko presidenteak. «2020tik, gure nortasun bereziak oinarri sendoa jarri du gure Europako Aliantza Bateratuak gure hirien etorkizunaren konfigurazioa sakondu eta zabaldu dezan. Gure eragina ikasleak etorkizuneko aldaketarako eragile gisa heztean datza. UNICen helburua da Europako hirientzako eredu positibo bat ezartzea ikaskuntza, ikerketa konprometitua eta hiri-berrikuntza bateratzeko moduari buruz, gizarte inpaktua eta hobekuntzak sortzeko, eta Europaren etorkizuna definituko duten trantsizio handietan laguntzeko.»
«UNICeko ikasleak garen aldetik, oso ilusionatuta gaude proposamen berriak eskaintzen dizkigun aukerekin», adierazi du Istanbulgo Koç Unibertsitateko UNICeko ikasleen ordezkari Yağmur Kökdenek. «Gaituago sentitzen gara eta gure etorkizuna eratzeko gogoz gaude. Proposamen honetan egindako lana izugarria da, eta UNICen espiritua sortu, berritu eta besarkatzeko irrikaz gaude, misioaren adierazpen zabalduak ematen digun inspirazioarekin».
«Oso pozik nago “2.0” Misioaren Adierazpen berriaren sinadura gure unibertsitatean egingo delako», adierazi du Stjepan Lakušić, Zagrebeko Unibertsitateko errektoreak. «UNIC Aliantzan parte hartzeak nazioartekotzeko aukerak zabaldu ditu eta nazioartekotzea da Unibertsitatearen garapenaren funtsezko arloetako bat. UNIC Aliantzaren garapenean eta lankidetzan sakontzen jarraitzea espero dugu, ikasle, irakasle, ikertzaile eta laguntzaileen benetako elkarte gisa, urte askotan zehar».
Etorkizuneko unibertsitateei bidea erraztu
«2.0» Baterako Misioaren Adierazpenak UNICen hurrengo faserako proposamenaren oinarria izango da. Hurrengo faserako asmoa hil honen amaieran aurkeztuko da Europako Batzordearen Europar Unibertsitateen Ekimenaren azken txanpan.
Aliantza dagoeneko misio berriaren erakusgarri diren programa eta eskaintza berriak ari da martxan jartzen: 2022ko abenduan elkarren arteko ikerketa konprometituko proiektuetarako hazi-kapitala jarri zen abian (Seed Fund for Collaborative Engaged Research Projects), eta 2023ko otsailean UNIC Center for City Futures sortuko dela iragarriko da. UNICeko Campus Hibrido berritzaileak abangoardiako elkartrukerako oinarriak ezarriko ditu, programa trinko konbinatuak, ikastaro birtualak eta titulazio bateratuak irekiz ikasle, ikertzaile eta herritar komunitate are zabalago bati.
UNICi buruz
European University of Cities in Post-Industrial Transition (UNIC) erakundeak Europa osoko hamar unibertsitate biltzen ditu jakintzaren garapena eta baterako sorkuntza bultzatzeko, lankidetzaren, berrikuntzaren eta gizarteratzearen bidez, gizartea hobetzeko eta gizartean eragina izateko.
Hauek dira UNICeko kideak:
- Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, Espainia
- Ruhr University Bochum, Bochum, Germany
- University College Cork, Cork, Ireland
- Koç University, Istanbul, Turkey
- University of Liège, Liège, Belgium
- University of Oulu, Oulu, Finland
- Erasmus University Rotterdam, Rotterdam, The Netherlands
- University of Zagreb, Zagreb, Kroatië
- University of Lodz, Lodz, Poland
- Malmö University, Malmö, Sweden