Deustuko Unibertsitatea Durangoko Azokaren 57. edizioan, euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako 40 argitalpen baino gehiagorekin

Deustuko Unibertsitatearen standa Durangoko Azokan

2022ko abenduak 07

Durango

Abenduaren 7tik 11ra bitartean, Durangoko Azokaren 57. edizioa ospatzen da, euskarazko ikus entzunezko eta idatzizko kulturaren topagunea. Urtero bezala, Deustuko Unibertsitatea euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako 40 ale baino gehiago biltzen dituen stand batean dago. Lanen artean, berriki argitaratu den "Irakaskuntzan eta ikerketan genero ikuspegia txertatzeko gida" nabarmendu behar da. Irakaskuntzan eta ikerketan generoari buruzko Europako ikerketa batetik eratorritako lana da.

Guztira, 248 stand daude, eta 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta beste kategoria batzuetako 54 produktu (ikus-entzunezkoak, papergintza, etab.) aurkezten dira. Azoka, 10:30etik 20:00etara irekita dago, eta 250 kultura-jarduera baino gehiago programatu ditu Azokaren ohiko gune guztietan.

Aurtengo nobedade bat "Gazte eztanDA!" da, gazteei eskainitako jardunaldi berezia, ohiko jardueretatik haratago programazio espezifikoa duena.