2023ko maiatzak 23
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitatea Espainiako 7. unibertsitate onena da eta EAEko 1.a, errendimendu handiko adierazleei dagokienez, Ezagutza eta Garapena Fundazioaren rankingaren arabera. CyD Ranking-a espainiar unibertsitateen ranking-ik handiena da eta 80 unibertsitateren emaitzak eskaintzen ditu, 29 jakintza esparrutan eta 3.266 titulaziotan.
2023ko edizio honetan, Deustuko Unibertsitateak errendimendu handiko 22 adierazle lortu ditu guztira, 2014ko lehen edizioan lortutako 11en aldean. Jesuiten unibertsitateak bere emaitzarik onenak aurkezten ditu irakaskuntzan eta ikaskuntzan, nazioarteko orientazioan eta eskualde garapenari egindako ekarpenean.
Era berean, aztertutako 59 unibertsitatetan, Deusto da Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren esparruan Espainiako unibertsitaterik onena, eta emaitza bikainak lortu ditu arlo horretan, errendimendu handiko adierazleen kopurua bikoiztu egin baita: 16tik (ebaluatu zen azken edizioa) 32ra (2023an).
Rankingak honako alderdi hauek nabarmentzen ditu, besteak beste: ikerketa (oso aipatuak diren argitalpenen eragina), programen nazioarteko orientazioa (mugikortasun bikaina), atzerriko hizkuntzan emandako kredituen kopurua, praktikak eta laneratze handia.
Horrekin guztiarekin, Deustuko Unibertsitateko ikasketak berriro kokatzen dira unibertsitateko ranking ezagunenek islatzen duten estatuko eta nazioarteko top-ean. Juan Jose Etxeberria errektorearen hitzetan, “Deusto gizartearen beharrei hobeto erantzuteko eraldatzen duen unibertsitatea da eta bera ere eraldatzen da”. Emaitza horiek Deustok duen unibertsitate proiektuaren eta prestakuntza ereduaren arrakasta berresten dute.