2026ko irailak 17
Bilbao
Nola erantzun ikerketatik eta prestakuntzatik trantsizio energetikoak eta ingurumena zaintzeak planteatzen dituzten erronkei? Erronka horiei aurre egiteko, Deustuko Unibertsitateak eta Iberdrolak lankidetzarako akordio bat sinatu dute jakintzaren sorkuntzaren eta transferentziaren esparruan ekimen bateratuak sustatzeko, aurrerapen zientifiko, teknologiko eta sozialaren aldeko apustu partekatua sendotzeko.
Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek ikerketa aplikatuko proiektuen baterako garapena bultzatuko dute, bai estatuan, bai nazioartean. Lehentasunezko lan ildoen artean, teknologia aurreratuak aztertzea eta ezartzea nabarmentzen da, esaterako Adimen Artifiziala, datuen analisi masiboa eta konputazio kuantikoa, baita kudeaketa ekonomikoaren eta enpresarialaren funtsezko arloak ere (berrikuntza, nazioartekotzea, arriskuen kudeaketa, finantzaketa eta jasangarritasuna).
Adimen artifiziala sektore elektrikoa eraldatzen ari da, sareak eraginkorragoak, seguruagoak eta jasangarriagoak izan daitezen. AAri esker, gorabeherei aurrea hartu, baliabideak optimizatu eta energia berriztagarriak eskala handian integratu daitezke, deskarbonizazioan eta garapen ekonomikoan lagunduz. Adimen artifiziala sektore elektrikoaren eraldaketa bizkortzeko tresna estrategiko gisa sendotzen ari da. Sareen kudeaketan aplikatzeak aukera ematen du sistema eraginkorragoak, seguruagoak eta jasangarriagoak lortzeko, etxeen, enpresen eta administrazioen beharrei hobeto erantzuteko gai direnak.
Iberdrola Europako lehen enpresa elektrikoa eta munduko bigarrena da burtsako kapitalizazioari dagokionez. Posizio hori kontuan izanda, jakitun da, teknologia adimendunen erabilerari esker, konpainia elektrikoek balizko gorabeherei aurrea hartu diezaiekeela, eskura dauden baliabideen erabilera optimizatuz eta horniduraren fidagarritasuna hobetuz. Horrek esan nahi du zerbitzu egonkorragoa, eraginkorragoa eta lehiakorragoa ematea herritarrei eta ekoizpen-sareari. Horren adibide garbia da Bilbon konpainiak sare adimendunen munduko zentroa izatea, Smart Grids Innovation Hub, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan.
AAk, gainera, funtsezko zeregina du klima aldaketaren aurkako borrokan. Sistema elektrikoen plangintza eta operazio hobea errazten duenez, negutegi-efektuko gasen isurketa murrizten laguntzen du, efizientzia energetikoa hobetzen du eta energia berriztagarrien integrazio masiboa errazten du. Gaitasun horiei esker, adimen artifiziala faktore erabakigarria da trantsizio energetiko ordenatua bultzatzeko, inpaktu klimatikoen aurreko erresilientzia indartzeko eta garapen ekonomiko jasangarrirako aukera berriak sortzeko.
Halaber, akordioak beste arlo hauek ere jasotzen ditu: Gradu Amaierako Proiektuak (GrAL), Master Amaierako Lanak (MAL), doktorego-tesiak eta energiaren sektorera bideratutako ikasketa-kasuak batera egitea; prestakuntza-praktikak sustatzea, ikasleak sektorearen errealitatera hurbilduko dituen hezkuntza duala txertatzeari arreta berezia jarririk; prestakuntza- eta dibulgazio-ekitaldiak egitea; eta Prestakuntza Gelak eta Katedra espezifikoak sortzea interes komuneko eta eragin etiko edo sozialeko gaietan.
Juan Jose Etxeberria errektorearen ustez, akordio honek indartu egiten du Deustuko Unibertsitateak zientzia, teknologia eta berrikuntza pertsonen, justiziaren eta gure ingurunearen garapen jasangarriaren zerbitzura jartzeko duen bokazioa. “Iberdrola bezalako konpainia lider batekin lankidetzan arituta, ezagutzaren transferentzia bizkortu ahal izango dugu funtsezko arloetan, Adimen Artifizialean eta trantsizio ekologikoan, esaterako, eta, gainera, gure ikasleen talentua lagundu eta bultzatu ahal izango dugu, jarduera akademikoa ekoizpen eta industria sarearekin eta gizartearen benetako beharrekin zuzenean lotzen duten prestakuntza praktiko eta dualeko ereduen bidez”, nabarmendu du.
Asís Canalesek, Iberdrolak EAEn duen ordezkari instituzional eta Iberdrola taldeko Baliabide eta Zerbitzuen zuzendariak, bere aldetik, hitzarmenak belaunaldi berrientzat duen garrantzia nabarmendu du: “Adimen artifiziala sare elektrikoetan hedatzeko, ezagutza teknologikoa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa bateratzeko gai den talentua behar da. Datuetan, automatizazioan, zibersegurtasunean eta sistemen operazioetan espezializatutako profesionalak funtsezkoak izango dira AAren potentziala sistema elektrikoaren eraginkortasuna, segurtasuna eta erresilientzia hobetuko duten soluzio erreal bihurtzeko”.