2022ko ekainak 08
Donostiako Campusa
(Argazkia: Donostiako campuseko Foro Aretoko World-kafeko partaideak. Argazkia APNABIren bidez)
Inklusio eta Irisgarritasun Planaren esparruan, Deustuko Unibertsitateak world-kafea antolatu zuen ekainaren 8an, Donostiako campusean, bertako langileak lantokian desgaitasunak dituzten pertsonen errealitatera hurbiltzeko. Besteak beste, Down Sindromea Fundazioa, ONCE Gizarte Taldea, Eragintza, Apnabi, Ulertuz eta Gureak Taldearen lankidetzarekin, bilera honetan, Bilboko campusean egindakoetan bezala, entzumen, adimen eta/edo garapen, ikusmen desgaitasunak eta desgaitasun psikikoak dituzten pertsonen bitartez, hurbiletik ezagutu zituzten pertsona horiek lanean egunero aurkitzen dituzten oztopoak.
Maiatzaren 20an hasi zen ekimen horren helburua da pertsona horien laneko errealitateen berri izateko eta esperientziak ezagutzeko espazio bat sortzea, baita Deustuko langileen taldean desgaitasunen eta enpleguaren inguruko sentsibilizazioa zabaltzea ere. Lau saio antolatu ziren (maiatzak 20 eta 25, ekainak 3 eta 8) Bilboko eta Donostiako campusetan. Egun bakoitzean 25-30 lagunek parte hartu ahal izan zuten, lau mahaitan antolatuta: bakoitzean, desgaitasuna zuen pertsona batek bizitzan eta lanean zituen esperientziak partekatu zituen mahaikideekin, desgaitasuna duen pertsona horren elkarteko (Hirugarren Sektoreko) laguntzaile batek euskarria eta aholkularitza emanda.
Besteak beste, eztabaidatutako gaiak hauek izan ziren: Zein oztopo aurkitu dituzu lan merkatuan sartzeko? Beste pertsonen baldintza berdinak dituzula uste duzu lan egiteko orduan? Uste duzu lan mundua nahikoa sentsibilizatuta dagoela desgaitasunen bat duten pertsonei eta zehazki zure desgaitasuna duten pertsonei benetan laneratzeko aukera eman ahal izateko? Zer egokitzapen behar izan dituzu edo behar dituzu lanean, irisgarritasunari dagokionez? Zein alderdi baloratzen dituzu desgaitasuna duten edo ez duten lan-inguruneko pertsonengan? Zer aldatu beharko litzateke lantokian desgaitasuna duten pertsonen laneratzea hobetzeko? Zein rol betetzea gustatuko litzaizuke adimen desgaitasuna edo garapen desgaitasuna duten pertsonek lan munduan?
Inklusioko politika aktiboak
Deustuk “Inklusio eta Irisgarritasun Plan” bat eratu du inklusioko politika aktiboak garatzeko eta Unibertsitatean espazio, azpiegitura eta ekipamendu irisgarriagoak sortzea sustatzeko. Horretarako, beste ekintza batzuen artean, laneko desgaitasuna duten pertsonekin harremanetan jartzeko aholkuen gida bat prestatu da, desgaitasuna duten pertsonak lantaldean txertatu ditu eta Deustuko oztopoen mapa egiten hasi dira langileen ikuspegitik. Helburua da inklusioari eta desgaitasunari buruzko prestakuntza plana indartzea eta desgaitasuna duten langileei begira bidelagun egitea sustatzea. Aholkularitza ere eskaintzen zaie ezintasunen bat aitortzea behar dutenei, baita ezintasunerako prestazioak eta laguntzak lortzeko erraztasunak ere. Ekintza horien guztien helburua Unibertsitatean lankidetzarako eta hobekuntzarako guneak sortzea da.