Nekazaritza ekologiko jasangarriaren etorkizunari buruzko topaketa Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak parte hartu zuten

Encuentro agricultura ecológica

2023ko ekainak 15

Donostiako Campusa

Ekainaren 15ean, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean “Nekazaritza ekologiko jasangarri baterako negozio eredu berriak” topaketa izan zen, besteak beste, NERSO proiektuaren (Landa Ingurune Jasangarrirako Negozio Eredu Berriak) emaitzetako batzuk aztertzeko. NERSO proiektua Deusto Business Schooleko ikertalde batek garatu du, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren finantzaketarekin, nekazaritza ekologikoaren etorkizun arrakastatsuari lagunduko dioten aukera estrategikoak identifikatzeko.

Jardunaldia ekoizle ekologikoei, nekazaritzako teknikariei, erakundeetako arduradunei, akademikoei eta nekazaritza eta jasangarritasunaren esparruan interesa duten pertsonei zuzendu zitzaien. Guztiek adituen iritzia entzun ahal izan zuten, hainbat gairen inguruan: nekazaritza ekologikoaren gaur egungo testuingurua; produktu estrategiak eta jasangarritasun ekonomikoa; merkaturako orientazioa, merkaturatzea eta marketina; kooperatibak eta nekazaritza ekologikoko lankidetza modu berriak; emakumea eta nekazaritza ekologikoa; eta nekazaritza ekologikoaren gizarte ekarpena.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak parte hartu zuten topaketa honetan. EAEko testuinguruaren berezitasunak agerian jartzeko eta, bereziki, produktu ekologikoen kontsumo joeretan sakontzeko aukera ere izan zen.

Honakoek hartu zuten parte topaketaren aurkezpenean:

- Bittor Oroz Izagirre, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea.
-Josune Sáenz Martínez, Deusto Business Schooleko Ikerketa eta Transferentziako dekanordea eta NERSO proiektuaren ikertzaile nagusietako bat.
- Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreordea.


Nekazaritza ekologikoari eta NERSO proiektuari buruz

Azken urte hauetan, nekazaritza ekologikoak indarra hartu du, ingurumena gehiago errespetatzen duelako, osasungarriagoa delako eta gizartean eragin positiboagoa duelako. Azken 20 urteetan izugarri hazi bada ere (Europan, nekazaritza ekologikora bideratutako lurren hedadura 5 aldiz handitu da), guztizkoaren % 9,2 besterik ez da. Gainera, erronka handiak ditu aurrean, eta zalantzan jar dezakete bere etorkizuna.

Testuinguru horretan, NERSO proiektuak (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatuak) jasangarritasun integral handiagoa ekarriko duten aukera estrategikoak identifikatzea du helburu, bideragarritasun ekonomikoa ere barne hartuta, ezinbesteko baldintza baita jarduerari eutsi ahal izateko. Aukera estrategiko horiek hainbat erabaki garrantzitsuri egiten diete erreferentzia: eskaintza osatzen duten laboreen, produktuen eta zerbitzuen konbinazioak eta horien ezaugarri bereizgarriak aukeratzea; bezero motak; erabiliko diren banaketa eta komunikazio kanalak; berrikuntzaren eta digitalizazioaren aldeko apustua; edo merkatuko beste ekoizle eta eragile batzuekin sarean lan egitea.

Informazio gehiago eta egitaraua