2023ko martxoak 09
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak Rafaela Ybarra izena eman dio ikasleen aisialdirako eta topaketarako funtzio anitzeko areto berriari. Ekimen horren bidez, hezkuntza erakundeak emakumeak eta gure gizarteari egiten dioten ekarpena ikusarazi eta balioetsi nahi ditu, eta, aldi berean, XIX. mendean pertsona behartsuenei, bereziki neska eta emakumeei, harrera solidarioa egiteko eginkizun nabarmena izan zuen emakumea omendu nahi du. Hori dela eta, martxoaren 9an inauguratu da gune hau, “Martxoaren 8ko” jardueren esparruan.
José María Guibert errektoreak zuzendu du ekitaldi sinbolikoa, eta bertan izan dira Rafaela Ybarra Beata Fundazioko ordezkariak, Angeles Custodios Santuen Kongregaziokoak (berak sortutakoa) eta Bilboko Udalekoak, senideak eta Deustuko Unibertsitateko hainbat kide. Guztiek erabili dituzte hitzak “bere garaian aurreratua” zen emakume baten obrak eta bertuteak goraipatzeko. Rafaela Ibarrak emakumeak babesteko proiektu asko bultzatu zituen eta, guztiz erlijiosoa eta Jesusen Lagundiagandik gertuko izanik, honako goiburua zuen: "Bizi zaitezte beti on eginez”
Ekitaldia Olatz Pozo Ingeniaritzako ikaslearen aurreskuarekin hasi da, Maria Silvestre Unibertsitateko Berdintasun Unitateko zuzendariaren aurkezpenarekin, Guibert errektorearen hitzekin, Ikasleen Ganberako ordezkari baten hitzaldiarekin eta Historia Garaikideko katedradun M Jesús Cavaren hitzaldiarekin jarraitzeko. Monica Nebreda Fundazioko presidenteak eman du amaierako hitzaldia. Ekitaldia amaitzeko, Pello Azpitartek Dohatsuaren Bederatziurreneko otoitza egin du.
Rafaela Ybarra areto berria 308 m2-ko espazio balioaniztuna da, eta campusaren erdiko gune batean dago, unibertsitate elkarteko guztion eskura. 8:00etatik 19:00etara irekita dago, eta hainbat giro ditu: jangelako mahaiak (12 mikrouhin-labe) eta talde-lana espazio irekian (96 postu), arbeldun mahaiak elkarlanerako, egoteko eta erlaxatzeko gunea mahai baxuekin eta besaulkiekin, baita taldean lan egiteko eta bideokonferentziarako gunea ere. Ekitaldietarako erreserbatzeko aukera ere badago.
