Deustuko Unibertsitateak bere lehen satelitea eraikiko du Satlantisen eskutik

Bi erakundeek unibertsitate-enpresa gela bat sortu dute teknologia espazialari buruzko prestakuntza bultzatzeko.

Deustuko Unibertsitateko eta Satlantiseko arduradunak lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian

2025eko azaroak 04

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak eta Satlantis teknologia espazialeko enpresak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Satlantis-Deusto gela teknologikoa martxan jartzeko. Gune hori prestakuntzarako eta baterako garapenerako toki paregabea izango da eta ingurune akademikoaren eta sektore espazialaren benetako erronkak lotuko ditu.

Gela ikasleei ikaskuntza aplikatuko esperientzia aparta eskaintzeko helburuarekin sortu da, nanosatelite bat diseinatzen, garatzen eta baliozkotzen zuzenean parte hartzeko. 2025-2026 ikasturtean zehar, diziplina ugariko ikasle talde batek funtsezko rol teknikoak hartuko ditu bere gain, diseinu mekanikoa, sistema elektronikoak eta telekomunikaziokoak, besteak beste.

Satlantisek egoitza nagusia Euskadin du eta nazioarteko erreferentziazko enpresa da New Space-ren esparruan, Lurra espaziotik behatzeko soluzio aurreratuetan espezializatua. Konpainiak bereizmen handiko kamera optikoak garatu ditu satelite txikientzat, zientzia, ingurumen eta azpiegiturako misioetan erabiltzen direnak, besteak beste. Lurra behatzeko misioetan % 100eko arrakasta izan du eta misio planifikatu ugari ditu aurrera begira. Hala, Satlantis sektoreko lider gisa sendoturik, gelari bere esperientzia teknologikoa eta berrikuntza aplikatuko eredua ekarriko dizkio, ikasleei espazioaren industriako benetako erronkak hurbiltzeko.

Andoni Eguiluz Deustuko Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren ustez, “ikasgela hau unibertsitateko prestakuntza errealitate teknologiko eta industrialarekin lotzeko modu berri bat da. Gure ikasleek, edukiak ikasteaz gain, ikasitakoa testuinguru erreal batean aplikatzen dute, sektore aeroespazialeko punta-puntako enpresa batekin lankidetzan arituz, satelite txiki bat fabrikatuz, agian espazioan beren lana egingo duten itxaropenez”.

Aitor Conde Rodríguez Satlantiseko CTOak, bere aldetik, nabarmendu duenez, “lankidetza horren bidez, espazioaren eremuko etorkizuneko profesionalak prestatzeaz gain, esplorazioarekin eta berrikuntzarekin konprometitutako belaunaldi berri bat inspiratu nahi dugu. Sektore espazialak aurrekaririk gabeko hazkundea bizi du, eta Euskadik olatu teknologiko berri horren parte aktiboa izan behar du”.

Satlantis-Deusto gelak gaitasunak sustatzen ere lagunduko du, talde-lana, ingurune konplexuetan erabaki teknikoak hartzea eta emaitzetara bideratzea esaterako, funtsezkoak baitira egungo erronka teknologiko eta sozialetarako profesionalen prestakuntzan. Satlantiseko People (Giza Baliabideak) arloak ekimen hau bultzatzen du talentu gaztea garatzeko, unibertsitatearen eta industriaren arteko lankidetza sustatzeko eta sektore espazialaren berrikuntza eta hazkunde jasangarria sustatuko dituen ekosistema finkatzeko bide bateratu gisa.

Argazkiak.