Forotech-ek hamargarren edizioa ospatuko du, garapen jasangarrirako munduko aliantza biziberritzea gogoan harturik

Ingeniaritza eta teknologiaren astea azaroaren 7tik 11ra ospatuko da. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du teknologiaren aldeko konpromisoa indartzen duten ia beste hogei erakunde publiko eta pribaturen babesaz eta laguntzaz. Batetik, ikerketa eta garapen teknologikorako bokazioak sustatu nahi ditu, batez ere emakumeen artean; eta, bestetik, MotoTeam Deusto edo Uniraid Ingeniaritza Solidarioko Rallya bezalako ikasleen jarduerak nabarmendu nahi ditu programak. Unibertsitatearen eta enpresaren arteko aliantzak izango dira BBVAko, Siemens Gamesako edo IHOBEko profesional bikainekin antolatu diren topaketen abiapuntua, eta, horien ondoan, teknologia, zientzia eta hezkuntza landa eremuan aztertuko duen mahai-inguru bat ere izango da.

 

Esta semana de la Ingeniería busca fomentar vocaciones hacia la investigación y el desarrollo tecnológico, especialmente entre las mujeres

2022ko azaroak 07

Bilboko Campusa

Forotech, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen Ingeniaritzaren eta Teknologiaren astea, hamargarren ediziora heldu da eta Bilboko eta Donostiako Campusetan izango ditu ekitaldiak. Azaroaren 7tik 11ra izango da eta, oraingo honetan, “GJH, garapen jasangarrirako munduko aliantza biziberritu” du izenburua.

Pandemia garaian ere etenik izan ez duen foro honek enpresen eta Unibertsitatearen arteko lankidetza bilatzen du, profesionalen eta ikasleen arteko harreman zuzenaren bitartez.  Helburu nagusia da ingeniaritza eta teknologia herritarrengana hurbiltzea, eta ikerketarako eta garapen teknologikorako bokazioak bultzatzea, batez ere emakumeen artean. Horretarako, lau egunetan zehar jardueren egitarau zabala eskainiko da, batzuk ikasleek eurek egindakoak izango dira eta beste batzuk mahai-inguruak, enpresekiko solasaldiak, eta hedabideetako profesionalekiko topaketak izango dituzte bilgune.

Ikasleekin zuzenean lotutako jarduerei dagokienez, Moto Team Deustoren erakusketa eta aurkezpena nabarmendu behar da, lehiaketarako moto-prototipoa, ikasleek oso-osorik diseinatu dutena. Horrez gain, Uniraid Ingeniaritza Solidarioko Rally-ari buruzko erakusketa eta solasaldia izango da. Ekitaldi horretan azalduko dute nola burutu zen Rally-a: aurretik bildutako 40 kilo material solidario banatu zituzten lehiaketa batean, eta irabazlea ibilbidean zehar gehien banatu zuena izan zen eta ez helmugara iristen lehena.

Profesionalekin egingo diren solasaldiek eta topaketek protagonismo berezia izango dute eta, oraingo honetan, Siemens Gamesa, IHOBE edo BBVAko ordezkariek hartuko dute parte. Banketxeak Bilbon bi zentro teknologiko jarriko ditu martxan. Landa munduak bere espazioa izango du teknologiari, zientziari eta hezkuntzari buruzko online mahai-inguru batean. Ikerketa proiektuak erakutsiko dituzte katedradunek eta irakasleek, baita Fakultateko ikasleek ere. Era berean, bi Bootcamp (ikastaro trinkoa gai multzo oso kontzentratua duena eta ikasleei lan-merkatura jauzi egiteko prestaketa bikaina eskaintzen diena)  eskainiko dira Adimen Artifizialari buruz, eta Ingeniaritzako ikasleen GrALen (Gradu amaierako lana) eta MALen (Master amaierako lana) erakusketa bat aurkeztuko da, Ingeniaritzako ikasleen talentuaren erakusgarri.

Erakusketak, tailer teknologikoak eta komunikabideekiko topaketak ere itzuliko dira. Hala, El País-eko gehigarri teknologikoko zuzendari Jaime García Canterorekin solasaldia izango da.

Bestalde, hamargarren urteurreneko egitarau hedatuaren barruan, Forotech izan aurreko eta ondorengo bi asteetan ere jarduerak izango dira. Zinema eta Teknologia jorratuko da Donostiako Tabakaleran (urriak 27), 2022ko Ada Byron sariaren irabazleekin mahai-ingurua izango da Iberdrola Dorrean (azaroak 4) eta beste zinema saio bat izango da Ekintzailetzari eta Teknologiari buruz Bilbon (azaroak 18).

Ingeniarien faltaren aurrean bokazioak sortu

FOROTECH 2022ren babesleak hauek dira: Microsoft, Siemens Gamesa, Vidrala, SPRI Taldea, BBVA, Bilboko Udala, EJIE, Innolab Bilbao, Donostia Sustapena, Bilbao TIK, IHOBE eta Alzola. Horiez gain, Deusto Entrepreneurship, Deusto Alumni, Ingeniarien Kutxa, DeustoTech eta Instalak erakundeen lankidetza du.

Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren hitzetan, “gizon eta emakume ingeniarien eskaera gero eta handiagoa da. Horregatik, Forotech garrantzitsua da premiazkoak diren bokazio horiek sustatzeko. Izan ere, ingeniarien eskasia izango dela aldarrika ari dira industriak eta horrek, dudarik gabe, gizartean eta lanbidean hoberen baloratutako profila duten profesional izaten lagunduko die”.

Espainiak gutxienez 200.000 ingeniari beharko ditu datozen hamar urteetan, enpresen beharrei erantzuteko, bai industrian, bai zerbitzuen sektorean. Hori azaltzen du Espainiako Ingeniaritzaren Behatokiak egindako lehenengo ikerketa. Behatoki hori ingeniaritzaren munduari lotutako hainbat erakunde publiko eta pribatu batu izanari esker sortu berri da. Deustuko Unibertsitatea erakunde horren Gobernu Kontseiluko kide da. Erakundeak ingeniaritza eta haren etorkizuneko ikuspegiak zabaltzen lagundu nahi du, lanbidearen analisi, ebaluazio eta hedapenerako erreferentziazko zentro bihurtzeko eta gizarte aurrerapenean eta garapen ekonomikoan ekarpena egiteko.  Azaroaren 18an, Behatoki horrek Espainiako ingeniaritzaren egungo errealitatea, etorkizuneko aurreikuspenak eta garapenerako premiak aztertzen dituen txosten bat aurkeztuko du Diputatuen Kongresuan.

Argibide gehiagorako eta ordutegien berri izateko, hona jo: www.deusto.eus/forotech

 

<a data-flickr-embed="true" href="https://www.flickr.com/photos/deusto/albums/72177720303663996" title="07/11/2022 - 11/11/2022 - Forotech 2022, la semana de la Ingeniería y la Tecnología"><img src="https://live.staticflickr.com/65535/52498316517_c546841a57.jpg" width="500" height="375" alt="07/11/2022 - 11/11/2022 - Forotech 2022, la semana de la Ingeniería y la Tecnología"></a><script async src="//embedr.flickr.com/assets/client-code.js" charset="utf-8"></script>