Deustuko Unibertsitateak 2.900 tituludun berri baino gehiagoren ikasketen amaiera ospatu du

San Tomas Akinokoaren egunean, Juan Jose Etxeberria errektoreak adierazi du sekula ez dela hain premiazkoa izan pobreak zaintzea, eta errukiaren kultura eraikitzeko deia egin du axolagabekeriaren aurrean: «etorkizun itxaropentsua izango dugu guretzat, baldin eta mundu honetako biktimentzat ere etorkizun itxaropentsua badago».

Investidura Santo Tomás

2026ko urtarrilak 26

Bilbao

Deustuko Unibertsitateak zaindariaren eguna ospatu du gaur, urtarrilak 28, San Tomas Akinokoarena, Teologiako gradudunen eta doktore berrien inbestidura eta ikaslerik bikainenei sariak banatzeko ekitaldiarekin. Ondo egindako lana aitortzeko eguna izaten da, eta 2024-2025 ikasturtean ikasketak amaitu zituzten 1.818 graduko ikasleen graduazioen hasiera ere markatzen du.

Tituludun horietatik, 349 Deusto Business Schoolekoak dira; 390, Gizarte eta Giza Zientzietakoak; 181, Zuzenbidekoak; 257, Ingeniaritzakoak; 393, Hezkuntza eta Kiroletakoak; 272, Osasun Zientzietakoak, eta 16, Teologiakoak. Gradudun horiei Masterreko 1.094 tituludun eta 21 doktore berriak gehitu behar zaizkie; guztira 2.933 tituludun berri izan dira joan den ikasturtean.

Jardunaldi akademikoaren aurretik, eukaristia ospatu da Kapera Gotikoan (Vicente Videren homilia). Ondoren, sariak banatu dira: Mendieta y Lambarri Fundazioaren sariak, Honors Programa, Karrera Amaierako Aparteko Sariak eta Ignacio Ellacuria Sari Berezia. Segidan, erretiroa hartu duten irakasle eta lankideei egin zaie omenaldia, teologo berrien eta doktore berrien inbestidura izan da ondoren eta Juan Jose Etxeberria errektorearen hitzekin amaitu da. Hitzaldi osoa.

Pobreen ondoan bidean

Errektoreak, hitzaldian, Jesusen Lagundiak 2019an aldarrikatutako lehentasun apostolikoetako batekin duen konpromisoa berretsi du, zehazki, «pobreekin batera bidea egin, bake eta justizia misioan». Lehentasun horrek behar sozioekonomikoak dituztenetatik harago joan nahi du, diskriminazio-motaren bat pairatzen dutenengana edo abusua jasaten dutenengana zabaldu nahi du.

«Zabalago oraindik, biktima izenez ezagutzen ditugun pertsonak dira edo, Frantzisko aita santuaren hitza gogoratuz, "baztertuak", bazterrean utzi daitezkeenak direla gogorarazten duen terminoa», azaldu du. Axolagabekeriaren tentaldia bizi duen mundu batean, aberatsen eta gehiengo pobretuaren arteko amildegia etengabe hazten ari den honetan, Juan José Etxeberriaren ustez, «inoiz ez da hain premiazkoa izan pobreak zaintzea» , eta, gupidarik ezaren aurrean, errukiaren kultura eraikitzera deituak gaudela ziurtatu du. «Etorkizun itxaropentsua izango dugu guretzat, baldin eta mundu honetako biktimentzat ere etorkizun itxaropentsua badago», zehaztu du.

Ikuspegi horrek haien ondoan bidean joatea eskatzen du: elkar aurkitu, elkarri entzun eta elkarrengandik ikasi; haien pausoan aurrera egin eta benetan behar duten horretan lagundu. Ingurune akademikoan gizarte-kalteberatasun handieneko egoerak agertzen ez diren arren, unibertsitateak aukerak eskaintzen ditu pertsona eta komunitate pobretuekin harremana sustatzeko curriculumetik kanpoko esperientzien bidez (auzolandegiak edo praktikak) eta benetako testigantzak eta ikuspegi sozialak biltzen dituen irakaskuntza eta ikerketaren bidez. Gainera, unibertsitatea bera giza topagune bat da, diskriminazio-egoerak azaleratzen dituena eta hezkuntza-komunitate osoa interpelatzen duena.

Unibertsitateko erara ibili

Jesuiten unibertsitate bat hiru eremu erabakigarri aipatu ditu behartsuekin bidea egiteko. Lehenengo eta behin, profesionalak trebatu ez ezik, bizi dugun gizartea ulertzen laguntzeko eta errealitate horretan esku hartzeko beharko den adimena izango duten pertsonak gaitzea bilatzen duen prestakuntza. Bigarrenik, pobreziaren, bazterkeriaren eta diskriminazioaren egiturazko kausak sakon aztertuko dituen ikerketa zorrotza. Eta hirugarrenik, justizia soziala sustatzeko erantzukizun publikoa. Errektorearen iritziz, Unibertsitateak gizarte-eztabaidan eragin behar du eta ikuspegi berriak eta arazo konplexuetarako irtenbide bideragarriak proposatu.

Gainera, “pobreekin bidea egiteko” konpromiso horrek berekin dakar norberaren interesetatik atera eta azken mugetan bizi direnen interesak geure gain hartzea. Bere hitzetan azaldu duen bezala, horrek esan nahi du ezagutza garrantzitsu guztia ez dela akademiaren barruan gertatzen eta pertsona eta komunitate pobretuek haiei eragiten dieten errealitatea sakon ulertzen dutela. «Haiekin eta haien erakundeekin bat egitea, agindu morala izateaz gain, ikasteko eta ezagutza erabilgarriagoa eta bidezkoagoa sortzeko bide emankorra da», esan du.

Azkenik, Juan José Etxeberriak azpimarratu du konpromiso hori ez dela soilik orientazio iradokizaile hutsa, baizik eta unibertsitateko elkarte osoari egiten zaigun dei zehatza. «Gure konpromisoaren sinesgarritasuna ez ezik, gure zeregin akademikoan sakontzeko eta gizatasunean hazteko aukera ere jokoan dago». Izan ere, unibertsitate garen aldetik, txiroekiko elkartasunean ibili ahal izateko, elkarrekin ibili beharko dugu, unibertsitateko elkarte izanik, gure arteko loturak sendotuz eta misio-zentzu partekatua landuz.

Lehenengo inbestidura egun honetatik aurrera, Deustuko Unibertsitateko fakultateak tituludun berrien graduazioak ospatzen hasiko dira larunbatero.

Argazkiak.